Garikoitz Etxeberria: "Guri berriro epaia eman nahi izatea ez da kasualitatea"

Uztarria 2006ko aza. 14a, 18:11

Ostegunean Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai-Haika-Segi gazte erakundeen auziko epaia berriro aztertuko du

Fiskaltzak 10 urteko kartzela zigorra eskatu du, AVTk 15ekoa

Ostegunean manifestazioa Azpeitian, 19:30ean

Garikoitz Etxeberria 'Kafe'-ri berriro eman nahi diote epaia, Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai-Haika-Segi gazte erakundeen auziko epaia berriro aztertuko duelako ostegun honetan, Espainiako Fiskaltzak eta AVTk sartutako helegiteen ondorioz.

Etxeberria azpeitiarra iazko martxoan utzi zuten libre Jarrai-Haika-Segi gazte erakundeen kasuagatik, 2001eko martxotik kartzelan eduki ondoren, Baltasar Garzon epailearen aginduz. Espainiako Poliziak Haikako beste 14 gazte ere atxilotu zituen 2001ean.

Auzitegi Nazionalean izan zen epaiketa, iaz, eta Jarrai, Haika eta Segi "legez kanpoko" taldetzat jo zituen epaileak. Epaiketa egiten ari zirela utzi zuten libre Etxeberria, dagoeneko 4 urtean egon zelako kartzelan (epairik gabe ezin da denbora gehiagoan egon espetxean). Gero, 3 urte eta erdiko zigorra ezarri zioten, baina aurretik 4 urtean egon zenez kartzelan, libre geratu zen.

Fiskaltzak eta AVTk Jarrai, Haika eta Segi "talde terrorista" direla diote, eta hori aztertuko du Auzitegi Gorenak ostegunean.

Fiskaltzak Espainiako Auzitegi Gorenari egindako eskaera nola hartu duzu?

Errekurtsoa hor zegoen lehen ere, eta lehenago edo beranduago espero genuen. Hala ere, epe aldetik luzatu egin da, gure sumarioa nahiko potoloa baita; baina zain geunden. Egun batetik bestera etorriko zela espero genuen eta etorri da. Hala ere, bat inoiz ez da prestatuta egoten horrelakoetarako.

Zein da Fiskaltzak eta AVTk zuen aurka egiten duten zigor eskaera?

Fiskaltzak hamar urteko kartzela zigorra eskatzen du eta AVTk 15koa. Gure defentsak absoluzioa eskatzen du. Sententzia erabakitzeko eta jakitera emateko epe jakinik ez daukate. Agian, hurrengo egunean, ostiralean bertan, jakingo dugu edota hilabetera; ez dago jakiterik.

Hau guztia nola ikusten duzu?

Argi dagoena da, aukera guztiak zabalik daudela. Ostegunean, gu ez gara bertan egongo, baina guri beste epaiketa bat egingo baligute bezala da. AVTk eta Fiskaltzak sartu dute helegitea, eta erabakia edozein izan daiteke. Kontestu politikoaren araberakoa izango da. Auzitegi Gorenaren plano politikoa PPk izendatutakoa da.

Zer eragin izan dezake zuen kasuak?

Argi dagoena da, gure kasuan hartuko duten sententziak beste kasu batzuetan ere eragin zuzena izango duela, aurrekaria ezarriko duelako, eragin politiko handia edukiko duena. Azkenaldi honetan gertatzen ari diren erasoen baitan kokatu behar da hau ere. Hemen, ematen duenez, su-etena alde batean bakarrik eman da (ETArenean) eta besteen mekanismo errepresiboak aurrera jarraitzen dute. De Juanarena, herriko tabernena... egoera politiko honetan, hori dena gertatzea eta guri berriro epaia eman nahi izatea ez da kasualitatea.

Hainbat lotura:

-Haikaren aurkako operazioan Kafe atxilotu zuen Poliziak

-Etxeberria preso zegoela Uztarria herri aldizkariaren 59 zenbakian egindako elkarrizketa.

-Garikoitz Etxeberria 'Kafe'-k libre irtengo du gaur

Manifestazioa Azpeitian

Auzi horren azterketa dela eta, ostegunerako Azpeitian ere mobilizazioak antolatu dituzte. Hala, 19:30ean hasita, manifestazioa egingo dute.