Arazo teknikoengatik, Soreasuko obrak geldituta egon dira

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 9a, 16:11
Soreasuko lurrazpiko aparkalekuen obrak.

Uste baino ur gehiago azaldu da lurzoruan

Horri aurre egiteko "segurtasun neurriak" hartuko dituzte (Urola Kostako Hitza)

Berriro ere hasi dira Soreasun lurrazpiko aparkalekuak egiteko obrak, baina ekainetik urriaren bukaera arte geldituta eduki dituzte, toki horretan uste baino ur gehiago azaldu delako.

"Proiektu orokorra ez da aldatu, baina bai lurrazpiko aparkalekuen proiektua. Arazo teknikoak egon dira, uste baino ur gehiago azaldu delako", azaldu du Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak eta Udaleko Hirigintza eta Ingurumen batzordeburuak.

Orain, arazo tekniko horiei aurre egiteko segurtasun neurriak hartuko dituzte, eta "segurtasunerako bainuontzi" bat egingo dute.

Sortutako arazo honengatik, Soreasuko kulturgunea eta lurrazpiko aparkalekuen lanak atzeratu egin dira lau hilabete eta erdiz. "Ekainean hasi beharreko lanak urriaren bukaeran hasi dira. Arazoa sortu baino lehen, kanpoko obrekin azaroan hastea aurreikusten genuen, eta orain martxo inguruan hasiko dira kanpoko obrekin, auditorioarekin". Obrak geldirik egon diren denboran teknikoak eta ingeniariak ibili dira Soreasuko lurra aztertzen, eta hauek azkenean arazoari zein irtenbide eman "hitzartu" dute.

Aurrekontuaren barruan

Alkatearen esanetan, arazo tekniko honek kostu erreala gehituko du, baina ez horrela aurrekontua. "Kostu erreala gehituko da, baina aurrekontuak ez du igoerarik izango, mantendu egingo da. Lehen beherapen bat egon da aurrekontuan, eta orain sortutako kostuak beherapen hori estali egingo du".

Soreasuko areto zaharra maiatzean bota zuten, eta ekainean Soreasu kulturgune berriaren azpian egongo diren lurrazpiko aparkalekuen obrekin hasi ziren. Bi solairutan 267 aparkaleku egiteko asmoa dute.