Aralar: "Materia organiko guztia konpostatu behar da"

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 8a, 16:11
Rebeka Ubera, Andoni Ibarguren eta Miren Garmendia aralarkideak izan ziren prentsaurrekoan.

Sukaldean prestatutako materia ere bilduko duen plana eskualdeko bi udal elkarteetan aurkezteko asmoa dute (Urola Kostako Hitza)

"Ez da gora begira egoteko momentua", eta horregatik aurkeztu du Aralarrek konpostatzeko proposamen berria. Besteak beste, Foru Aldundiak martxan duen proiektuan ez bezala, materia gordinaz gain sukaldean prestatutako jakiak ere bildu egin behar direla diote. Konpostatzeko plan hau Foru Aldundian aurkeztu dute dagoeneko, eta orain udal elkarteetara eramateko asmoa dute. Eskualdean Urola Kostako eta Urola Erdiko udal elkarteetan aurkeztuko dute datozen egunotan.

Aralarrek atzo, asteartea, eman zuen prentsaurrekoa Euskadiko Kutxak Zarautzen duen aretoan, eta bertan izan ziren azalpenak ematen Rebeka Ubera Gipuzkoako batzarkidea, Miren Garmendia Azpeitiko aralarkidea eta Andoni Ibarguren Zarauzko aralarkidea. Beraien ustez, "Gipuzkoako arazo larrienetakoa zaborraren kudeaketa da, orain arte zaborra modu integralean ez kudeatzeagatik sortutako arazoa".

.2006ko apirilean, Aldundiak pauso bat eman zuen eta 2007an bi udal elkartetan proba pilotuak egiten hastea onartu zuten. Aralarri ez zaio plan egokia iruditu eta proposamen berria aurkeztu du.

"Herri bat, konpostatze planta bat" helburu

Lehenik eta behin, konpostatzearen plana eskualde guztietara zabaldu nahi dute. Honek "datu gehiago jasotzea ahalbidetuko" duela uste dute, lanean jarraitu ahal izateko. Udal elkarte bakoitzean 2.000 familiarekin bilketa egiten hastea proposatzen dute. "Ikastaro trinkoa emango zaie" hasieran, eta "jarraipen zorrotza" egin ondoren. Udal elkarteek beraiek egingo lukete familien aukeraketa.

Edukiontziak giltzarekin funtzionatuko lukete eta poltsa biodegradagarriak beharko lituzkete. "Azpiegitura txikien" alde egin nahi dute, "Herri bat, konpostatze planta bat lelopean, hondakinak sortzen eta tratatzen diren lekuen arteko distantzia ahalik eta motzena izan dadin".

Lehen planta, Azpeitian

Aralarrekoek proposamen berria aurkezten zuten bitartean, Foru Aldundiak eta Urola Erdiko Udal Elkarteak Azpeitian dagoen Lapatxeko konpostatze eremu pilotuari buruzko akordioa sinatu zuten. Azaroaren 1ean aurreratu bezala, 2,1 milioi euro inbertituko ditu Aldundiak proiektuan. Lapatxen lehendik ere landare hondakinak konpostatzen dira.

Datorren urte hasieran jarriko da martxan proiektua eta urtean 3.000 tona hondakin konpostatuko direla aurreikusi dute. Dena den, akordioa Urola Erdiko Udal Elkartearekin sinatu badute ere, ez dituzte Azpeitian eta Azkoitian bakarrik jarriko edukiontziak, Zarautzen eta Zumaian ere herritarrek izango dute aukera hondakin organikoak konpostatzera bideratzeko. "Bostgarren edukiontzia" deitu diote proiektuaren sustatzaileek.

Etxeko hondakin organikoak edukiontzira botatzeko, giltza eskuratu beharko da lehenbizi. Modu honetan egin diren aurreko esperientzietan, konpostatzearen garbitasuna %95ekoa izan da.