Legen Beltzak bosgarren diskoa kaleratu berri du

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 8a, 16:11
Legen Beltza musika taldea osatzen duten kideak.

Belgikako Mausoleum "disketxe mitikoarekin" atera dute disko berria eta Europan eta AEBn banatuko dute

Dimension of Pain da diskoaren izena; Cannibalistic Revolution abestiaren bioklipa ikusgai da bideoak atalean (Urola Kostako Hitza)

Dimension of pain, minaren dimentsioa da bosgarren diskoaren izenburua. Legen Beltzakoen bi urtetako lanaren fruitua da, eta oraintxe kaleratu dute, Belgikako Mausoleum Records disketxearekin. "Euskal Herrian eta Espainian orain hasi dira banatzen, baina Europako zenbait herrialdetan eta Amerikako Estatu Batuetan irailean banatu zuten diskoa. Kanpoan herrian baino lehenago. Hori dela eta kezka izan genuen, baina dagoeneko hemen ere eskuartean dugu diskoa, eta gustura gaude", dio Xanti Rodrigez Legen Beltzako ahotsa eta baxua denak.

Rodrigezekin batera, Ekaitz Garmendia (gitarra), Joseba Azkue (gitarra) eta Iban Ruizek (bateria) osatzen dute Legen Beltza. Azken hau taldeko berriena da. Edorta Azkunek abuztuan taldea utzi egin zuen eta haren ordez sartu da. "Iban lehendik ezagutzen genuen. Dzart taldean bateria jotzen zuen eta Ekaitzen bizilaguna da. Bateria jotzen maila ona du, eta taldera erraz moldatu da", dio Rodriguezek.

Bateria jotzaile berria eta disko berria ditu Legen Beltzak; horiez gain, disketxea ere berria dute. "Disko bakoitza disketxe desberdin batekin atera dugu. Ez dakit zergatik den, baina hala gertatu zaigu orain arte. Oraingo hau, Mausoleum, mitikoa da. 20-25 urtetan ari da lanean eta rock eta metal munduan disko mitikoak atera ditu. Guri ilusioa egin digu haiekin diskoa ateratzeak".

Entzuleekin harrituta

Dagoeneko hasi dira disko berria aurkezten, eta hainbat kontzertu eman dituzte Euskal Herrian eta Espainian. "Aurreko larunbatean Madrilgo jaialdi batean jo genuen. Oso ondo hartu gintuzten eta batzuk gure kantak ere ezagutzen zituzten. Esperientzia ederra izan zen".

Madrilgo entzuleekin harrituta gelditu ziren Legen Beltzakoak, "Madrilgo entzuleek uniformea jantzita zeudela zirudien: denak ile luzearekin, praka estu-estuekin eta denak ere zapatila antzekoak zituzten jantzita. Eta ez ziren geldirik egoten: dantzan, taula gainera igota edo saltoka. Tartean pertsonaia asko ikusten ziren. Egun batzuk lehenago, urriaren 31n, berriz, Mutrikuko Gaztetxean jo genuen eta entzuleek justu-justu txaloak jotzen zituzten. Euskal Herriko entzuleria lotsatiagoa da".

Orain, bi astez atsedena hartuko dute Legen Beltzakoek, baina gero berriro taula gainari heldu beharko diote. Urtea bukatu bitartean Euskal Herriko hainbat tokitan kontzertuak emango baitituzte.

Diskoa

Diskoa. Dimension of pain. (2006ko iraila).
Disketxea. Mausoleum Records (Belgika).
Kantak. Zortzi: Camnibalistic revolution, Meet me in the dark, Fucking dawn of the dead, When the moon falls, Dimension of pain, Calling the balck storn, Satanic eta Ilunpean dituzu.
Tirada. 2.000 ale.
Grabazioa. Lorenzo Records.
Saltokiak. Disko dendetan, Legen Beltzaren webgunean eta datorren astetik aurrera Azpeitiko Oker tabernan.