Ehun lagunetik gora bildu dira Urolako Atzegi Egunean

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 7a, 13:11
Igandean ospatu zuten Atzegi eguneko bazkariaren ondorengo dantzaldia.

Carlos Unanue urteetan Atzegizale izandakoa omendu dute, "Atzegiren alde isilean egindako lanagatik"

Meza, omenaldia, bazkaria eta dantzaldiaren ospatu zuten eguna (Urola Kostako Hitza)

Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Aizarnazabalgo Atzegikoek Atzegi Eguna ospatu zuten igandean (hilak 5), Azpeitian. "Bi urtetik behin egiten dugu Atzegi Eguna. Atzegiko bazkideak, Atzegizaleak eta Txolartekoak biltzen garen eguna da. Herrian bat gehiago garela azaltzeko helburuarekin antolatzen dugu", diote Atzegiko bazkideek. Ehun lagun inguru izan ziren Atzegi Egunean. Han ziren, besteak beste, Azkoitiko eta Azpeitiko Udaletako ordezkariak eta Esther LarraƱaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako diputatua.

Aurrena, Esklabetako elizan meza izan zuten. Ondoren, omenaldien txanda izan zen. Carlos Unanue azpeitiar Atzegizalea omendu zuten. "Gaixorik dago eta ezin izan du etorri, baina haren emaztea eta alaba etorri dira Atzegi Egunera. Carlos Unanuek Atzegikoen alde egindako lana handia izan da. Urteetan, isilean, lan asko egin du, besteak beste Gureak-en eta Txolartekoen lokalak lortzeko. Bere borondate osoarekin lanean jardun du beti", azaldu dute Atzegikoek.

Baina Unanuez gain, Txolarteko begiraleak eta ostegunero merienda prestatzen dieten lagunak ere omendu zituzten. "Txolartekoek egiten duten lana eskertzekoa da benetan, eta baita ere urteetan astero merienda prestatzen duten lau emakume horien lana ere. Denek ere borondatez jarduten baitute".

Omenaldiak eta gero, Sahatsako dantzariek dantza egin zuten, eta denak Kiruri jatetxera joan ziren bazkaltzera.