'Internet eta euskara' hitzaldia asteazkenean

Uztarria 2006ko aza. 7a, 13:11

Luistxo Fernandezek emango du, Aitonena I-en, Uztarriak antolatuta

"Informazio lokalaren monopolioa euskaldun tristeon eskuetatik kanpo egoteko arriskua dago", dio

Uztarriak azaroko aldizkarian elkarrizketa egin dio Fernandezi

"Ni pixka bat probokatzailea naiz horrelakoetan. Ez dakit oker edo zuzen egiten dudan, baina uste dut horretarako ere gonbidatzen nautela". Hala dio Luistxo Fernandezek eta asteazken honetan hitzaldia emango du Azpeitian, Internet eta euskara gaitzat hartuz, Uztarriaren Euskara arloko taldeak gonbidatuta.

Eibartarra da Fernandez eta Internet munduan aditua. CodeSyntax enpresako jabeetakoa da. Euskarazko prentsan urteetan jardundakoa da. "Blogekin euskaldunok ondo ari garela eta garaiz hartu dugun tren bat dela uste dugu, eta ez da horrela", esan du Uztarria herri aldizkariaren azaroko zenbakian. "Trenak pasatzen utzi ditugu Interneten ere, eta orain gauza batzuk ondo egiten ari garelako ez dugu ezer konponduko. Etorkizunean gauza politak egin daitezke eta egin behar ditugu, baina ez ezer sinetsita, baizik eta lana eginda".

Informazio lokalak Interneten duen garrantziaz ere hitz egingo du. "Informazio lokala Internetera datorren uhin handia da. Ea surfeko taula bat hartu eta ondo asmatzen dugun uhin horretan ibiltzen edo tsunami batek bezala aurretik eramaten gaituzten. Internet lokalera dator; Googlen Urolara dator bere bulegoa irekitzera, nolabait esateko. Informazioa eta bilaketa lokalaren monopolioa euskaldun tristeon eskuetatik kanpo egoteko arriskua dago, kanpoko erraldoi horien esku, eta ez dakit konturatzen ari garen. Hor adi egon behar dugu eta estrategiak prestatzen eta saiatzen hasi behar dugu. Ez dakit asmatuko dugun, baina behintzat, saiatu egin behar dugu uhin handi horri aurre egiten".

Hitzaldia

Eguna. Asteazkena, hilak 8.
Ordua. 19:00ak.
Tokia. Aitonena I-eko areto nagusia.
Gaia. Internet eta euskara.
Hizlaria. Luistxo Fernandez. Internet munduan aditua.
Antolatzailea. Uztarria Kultur Koordinakundea.