EB-Aralar koalizioak zinegotzi bat bai Azpeitian 2007an?

Uztarria 2006ko aza. 4a, 19:11

Aralarren batzarrak gaur onartu du EAEn 2007ko foru eta udal hauteskundeetan EB-Berdeekin koalizioan joatea

2003ko emaitzak kontuan hartuz gero, zinegotzi bat lortuko lukete Azpeitian

Hurrengo urteko maiatzean izango dira Hego Euskal Herrian foru eta udal hauteskundeak, eta gaur (zapatua) Aralarren militanteen batzarrak EAEn foru eta udal bozetan EB-Berdeekin koalizioan joatea erabaki du. Hain zuzen, militanteen %76k eman dute baiezkoa. %23,3k ezezkoa bozkatu dute eta beste apurrek zuria. EB-Berdeek erabakita dute lehendik Aralarrekin joatea, honek nahi izanez gero. Nahi du.

Azpeitian 2007an udal hauteskundeetarako zerrenda aurkezten badute, aukerarik ba al dute zinegotzirik lortzeko? Ez da erraza esatea, ikusi egin behar delako elkarrekin joatea azkenerako onerako zaien edo ez (politikan esan ohi da koalizioen kasuan 1 +1 beti ez dela 2 izaten). 2003ko emaitza batzuk bere horretan kontuan hartuta, ordea, lortuko lukete hautetsi bat.

Hain zuzen, 2003an izan ziren azkeneko aldiz udal hauteskundeak eta Aralar halakoetan lehen aldiz lehiatu zen. Baina Azpeitian ez zuen zerrendarik aurkeztu. Aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundirako bozak izan ziren eta Aralarrek horrako Azpeitian 298 boto lortu zituen. EB-Berdeek, aldiz, herrian aurkeztu zuten zerrenda udal hauteskundeetarako eta 138 boto eskuratu zituzten (Aldundikorako 180). Aralarrek orduan Foru Aldundirako bildu zituen 298 boto haiek eta EB-Berdeen Azpeitiko 138ak batuta, 436 dira. Eta Azpeitian 436 botorekin zinegotzi bat lortu ohi da.

PSE-EEk 356 boto jaso zituen 2003an Azpeitiko hauteskundeetan eta PPk 355, eta biek lortu zuten zinegotzi bana. Baina orduan Espainiako Justiziak Habea ezker abertzaleko plataforma legez kanpokotzat joa zeukan, eta horregatik eskuratu zuten PSE-EEk eta PPk zinegotzi bana Azpeitian 2003an. Bestela, Habearen botoak kontuan hartuta (2.027 boto, beraiek esan zutenez), EAJ-EA koalizioak 13 zinegotzi lortuko zituzkeen eta Habeak lau. Kasu horretan ere EB-Aralar koalizioak zinegotzi bat lortuko zukeen, 436 boto horiekin; hain justu, D'Hont legearen arabera, Udaleko 17. zinegotzia (azkena). Hala, EAJ-EAk hautetsi bat galduko zukeen, 12rekin geldituz. Habeak laurekin segituko zukeen.

EB-Berdeak, 2003an ez ezik, 1995ean ere aurkeztu zen Azpeitian udal hauteskundeetara. Lehen aldia zuen eta 89 boto bildu zituen. Ez zuen zinegotzirik eskuratu. Herriko hauteskundeetan ez da gehiago aurkeztu.