Bandera jaitsieran danborradako talde guztiak izango dira

Uztarria 2006ko urr. 30a, 19:10

Bandera jaitsieran talde guztiak irtengo dira

Danborradaren 50. urteurrena ospatzeko Udalak liburua kaleratuko du, eta urtarrilaren 13an jaialdia izango da Izarraitzen

Gaur (astelehena), berriz, 19:00etan haurren danborradako elkarteek bilera izango dute

Datorren urtean Azpeitian danborrada egiten hasi zela 50 urte beteko dira. Hori dela eta, hainbat proposamen landu eta erabaki dituzte Udaleko Festa batzordeak eta danborradako elkarteek. Besteak beste, San Sebastian eguneko bandera jaistean helduen danborradako talde guztiek parte hartuko dute.

Joan den ostegunean bildu ziren Udaleko Festa batzordea eta helduen danborradako taldeetako ordezkariak. "Jendea prest azaldu da partehartzeko eta jarrera ona erakutsi du", dio Mikel Ibartzabal batzordeburuak.

San Sebastian bezperako danborrada beti bezala egingo da. Egunean, goizean, bestetan bezala Gure Ametsa eta Ardozaleak taldeek irtengo dute danborra jotzen. Gero, arratsaldeko danborradan parte hartzeko hiru taldek eman dute izena. "Guk talde bakoitzetik bost lagunek parte hartzea proposatu genuen, baina talde guztiak ez daude prest", dio Ibartzabalek.

Entseguak lau egunetan eta Izarraitz pilotalekuan egingo dituztela ere erabaki dute. Eta hurrengo batzarra egiteko abenduaren erdialdean geldituko dira helduen danborradako elkarteak.

Gaur (astelehena), berriz, 19:00etan haurren danborradako elkarteek bilera izango dute.

Urtarrilaren 13an jaialdia

Datorren urtean danborradak 50 urte betetzen dituela-eta liburu bat prestatzen ari da Azpeitiko Udala. Liburua jaialdi batean aurkeztuko dute, urtarrilaren 13an, Izarraitz pilotalekuan. Jaialdian danborradako talde bakoitzetik bost danborjotzailek eta banderadunak parte hartuko dute. "Gipuzkoan danborrada egiten den herri guztietakoak ere gonbidatuko ditugu jaialdian parte hartzera". Kanpotik parte hartzera etorriko direnei Txokoloren pieza bidaliko diete, eta jaialdian denek batera joko dute.