'Bideoak' atala martxan da uztarria.com-en

Uztarria 2006ko urr. 30a, 18:10

Informazioa modu osatuagoan eman nahi du Uztarriak

Une honetan Urrakiko igoerako bideoa dago ikusgai

Hemendik aurrera uztarria.com-en atal berri bat izango da: Bideoak atala, hain zuzen ere. Bideoen atalak, herriko ekimen, ekitaldi eta gertaera ezberdinetako bideoak jaso eta erakusteko lekua da. Informazioa modu osatuagoan emateko modua, azken batean.

Orain arte ikusgai izan dira atari honetan hainbat bideo: bideo klipak, ekitaldiak... baina horiek ikusteko atal zehatz bat izan gabe; normalean, albiste gisa edota Di-da atalean jarri izan ditugu. Bideoek duten balio informatiboa kontuan hartuta sortu dugu atal berri hau.

Uztarriaren asmoa, ahal den bideo gehien sartzea da. Horretarako, Uztarriak berak grabatutako bideoak, Kaito Telebistak grabatutakoak, Interneten topatutakoak, beste telebista kateetan grabatutakoak eta herritarrek bidalitakoak jartzeko asmoa dugu bertan. Bai, zure bideoak ere egon daitezke ikusgai uztarria.com-en. Azpeitiarrekin edo Azpeitiarekin zerikusia duten bideo interesgarriren bat izanez gero, jarri Uztarriarekin harremanetan eta atal honetan argitaratuko dugu.

Une honetan, Urrakiko igoerako bideoa dago ikusgai.