Irailean izan da bisitari gehien Loiolan

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 27a, 17:10

Uztailetik urriaren lehen hamabostaldira bitartean, aurten iaz baino %10 bisitari gehiago etorri da Loiolara (Urola Kostako Hitza)

Iraurgi Lantzen eta INEM turismoko informazio eta arreta zerbitzua eskaintzen ari dira Loiolako santutegiaren aurrean, ekainaren 27a geroztik. Orain uztailetik urria bitarteko bisiten balantzea egin dute, bisitari gehien irailean izan dela jakinaraziz: 7.092 hain zuzen ere. "2005ean baino %17 gehiago". Urrian, Pilarikako zubian ere bisitari asko izan da santutegian. "Urriko lehen hamabostaldian 3.047 bisitari hartu ditugu, eta horietatik gehienak Pilarikako zubian", diote.

Orohar, iaz Loiolan izandako bisitari kopuruarekin alderatuz, aurten %10 gehiago izan da: "Uztailaren 1etik urriaren 15a bitartean, 21.581 bisitariri eskaini zaie informazio zerbitzua. 2005ean, epe berdinean, izandako bisitari kopuruarekin alderatuz gero %10eko igoera izan da".

Iraurgi Lantzeneko arduradunen esanetan, aurten turismo arloan "urte berezia" izan da: "Bi arrazoi izan dira, batetik egoera sozio politiko berriak Euskal Herri osoan eragin nabarmena izan du. Bestetik, aurten San Inazioren heriotzaren 450. urteurrena ospatu da Loiolan, eta horregatik Eusko Jaurlaritzako turismo sailaren 2006ko turismo kanpainaren ardatzetako bat Loiola izan da".

Datuak

Iraurgi Lantzenek emandako datuak honako hauek izan dira:

21.581 bisitarik informazio zerbitzua eskatu dute Loiolako Informazio Puntuan, uztailaren 1etik urriaren 15era bitartean.

7.092 bisitari izan da irailean Loiolan. Iraila turista gehien jaso dituen hilabetea izan da.

Bisitarien %17 Kataluniatik etorritakoa izan da, "aurten ere, Loiolan bisitari kataluniarrak izan dira gehienak".

Nabarmen gora "turista andaluziarren (bisitarien %6) eta valentziarren (bisitarien %8) kopuruak egin du aurten, ez Loiolan bakarrik, baita EAEn ere".

583 bisitari izan ditu abuztuan Azpeitiko Parrokiko Soledadearen kaperak, "horietatik 400 kanpotarrak izan dira".

Azaroaren bukera arte edukiko dute zabalik Loiolako Informazio Puntua.