"Gorrira etortzeko" deitu dituzte langileak

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 26a, 18:10
Urola Kostako ezker abertzalekoak eta LAB sindikatukoak asteazkenean, Azpeitiko Sindikatu zaharrean.

Urola Kostako ezker abertzaleak LABen aldeko apustua egiteko eskatu du (Urola Kostako Hitza)

Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako lantokietan hauteskunde sindikalak egiten ari dira. Hori dela eta, Urola Kostako ezker abertzalean arlo desberdinetan lanean ari direnek eta LABeko hainbat ordezkarik "gorrira etortzeko" dei egin diete Urola Kostako ezkertiar eta abertzaleei: "LABen alde apustu egiteko eskatzen diegu, hauxe baita gaurko eta biharko alternatiba eraikitzeko aukera bakarra, LAB indartuz ezker abertzalearen proiektua indartuko baitugu. Ezker abertzalearentzat, LAB izan da eta izango da koherentziaz langileen eskubideen alde borrokatzen duen sindikatu bakarra".

Langileen mugimendua eragile garrantzitsua dela azpimarratu dute: "Herri honetan aldaketa sozial eta politikoa gauzatu ahal izateko eragile garrantzitsuenetakoa da. Inposatu diguten neoliberalismo basatiaren aurrean, ezinbestekoa da erantzun sendo bat antolatu eta sozialismoan oinarritutako jendarte eredu berri bat bultzatzea".

Euskal Herriak bizi duen egoera politikoan sindikatua egiten ari den lana "azpimarratzekoa" dela diote. "Eta ez dugu zalantzarik aurrerantzean ere ekarpen garrantzitsuak egingo dituela".