Aitor Bengoetxea: "Beste urtetan Triku Festara ekartzeko gai izan ez garen talde batzuk ekarriko ditugu aurten"

Uztarria 2006ko urr. 24a, 18:10
Aitor Bengoetxea 'Ondarru' Triku Musika Elkarteko kidea.

Ostegunean, urriaren 26an, hasi eta urriaren 29a bitartean 10 kontzertu izango dira Triku Festa 2006n

Scum To The Leader, Ainara Legardon, Nothink, Anari, Mantisa, Five Twisters, Mondocane, Neubat, Nuke eta Delorean taldeek jokatu dute

Aurten aurrenekoz denda jarriko dute karpa barruan

Aitor Bengoetxea Ondarru (1981, Azpeitia) Triku Musika Elkarteko kidea da eta Urrestillako lokaletan aritzen den T musika taldekoan bateria jotzen. Buru-belarri Triku Festako antolakuntzan dabil, ostegunean, urriaren 26an, hasiko baita musika jaialdia. VI. Triku Festa izango da aurtengoa. "Hasieran tabernetan eta udaletxeko arkupetan antolatzen genituen kontzertuak batik bat; formato txikiagoan eta beste giro batean egiten ziren. Gero, karparekin gure bidea hartu genuen" dio Bengoetxeak.

Aurten, berriz, beste pauso bat eman du Triku Festak ezta?

Bai, beste urtetan ekartzeko gai izan ez garen talde batzuk ekarriko ditugu aurten. Iaz, pixkat tanteatzen hasi ginen, baina gero aurrekontuari begiratu eta zaila zen. Iaz, talde kataluniar bat etorri zen eta kanpotik taldeak ere ekartzea posible zela ikusi genuen. Aurten horrela bi talde ekarri ditugu: Ainara Legardon eta Nothink.

Taldeak aukeratzeko orduan zer edukitzen duzue kontutan?

Estilo desberdineko emanaldiak izatea eta aukera egotea. Hasieran 30-40 talde genituen, eta horietatik 10 taldek joko dute Triku Festan. Aukera eskaintze horrekin hainbat talde alde batetara uzten dira.

Doan dira kontzertuak, aurrekontuari aurre egiteko zer egin behar da?

Larri eta estu ibiltzen gara. Baina finantziazio publikoa eta pribatua topatzen saiatu behar da, ahalegin hori egin egin behar da.

Karpapean egiten da azken urteetan.

Karpapean izate horrek giro berezi bat sortzen du. Gu, karpapean antolatzen hasi ginen gune bat aldarrikatzeko. Ez zegoen gune bat eta asteburu baterako gune bat alokatzea erabaki genuen. Guri ere babesa ematen digu eta erreferentzi puntu bihurtzen da.

Aurten Triku Festaren data ere aldatu egin duzue; lehen irailean egiten zen eta aurten, berriz, urrian.

Data aldaketa, batik bat Antzerki Topaketako karpa erabiltzeagatik izan da, baina azkenean Udalak Topaketak Izarraitz pilotalekuan egitea erabaki du eta guk azken urteetan bezala karpa plazan jarriko dugu. Baina hilabeteko aldea dago bakarrik.

Aurten Triku Festako karpan barra jartzeaz gainera denda ere jarriko duzue. Hori ere gauza berria da.

Kontzertuetara bezalaxe dendara ere hemen bilatzen zaila den musika ekartzen saiatu gara; diskoak, DVDak, elastikoak... Zirkuitu komertzialetik kanpo dauden musika ekarriko dugu. Hiru banatzaile egongo dira Amanita Records, Alone Records eta Arto Artian. Ehun CD inguru egongo dira eta hemengo taldeenak eta joko dutenen materiala ere egongo da.

VI. Triku Festako egitaraua

Urriak 26, osteguna.
21:00etan hasita:
-Scum To The Leader.
-Ainara Legardon.

Urriak 27, ostirala.
22:00etan hasita:
-Nothink
-Anari

Urriak 28, larunbata.
19:00etan hasita:
-Mantisa
-Five Twisters
22:00etan hasita:
-Mondocane
-Neubat

Urriak 29, igandea.
19:00etan hasita:
-Nuke
-Delorean