Bake prozesuko bilerak Loiolako Santutegian?

Jon Agirre 2006ko urr. 24a, 18:10

elconfidencial.com-ek esan du PSE, EAJ eta Batasuna bertan ari direla biltzen

"Jesuiten konpainiak bete-betean erabaki du bake prozesuan sartzea"

Urriaren 3an jaso zuen uztarria.com-ek Di-da atalean: Tiempo Espainiako aldizkariaren arabera, PSOE, Batasuna eta EAJ bake prozesua desblokeatzeko formula adostear zeudela eta, besteak beste, Azpeitian egin zituztela bilerak.

Gaur www.elconfidencial.com webak gauzak gehiago zehaztu ditu: “Jesuitek Loiolako Santutegian hartu dituzte PSE, EAJ eta Batasunaren bilera sekretuak”. Web horrek dioenez, jesuiten konpainiak “bete-betean” erabaki du bake prozesuan sartzea eta irailean eman zuten balekoa PSE, EAJ eta Batasunako ordezkariek Santutegia erabil dezaten bileren egoitza bezala”.

Horraz gain, jesuitek “fede-emaile” lanak egin dituzte bileretan, elconfidencial.com-en arabera, “eta negoziazio horien berri dakien politikari batek ziurtatu du jesuitak izan direla bileretako aktak egin dituztenak”.

Orain arte hiru aldiz bildu dira Santutegian, webak esan duenez. “PSEtik, Jesus Egiguren presidentea eta Rodolfo Ares antolaketa idazkaria azaldu dira, Batasunatik Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitia, eta EAJtik Josu Jon Imaz presidentea eta Josu Erkoreka Kongresuan (jeltzaleen) bozeramailea”.

elconfidencial.com-ek esan du bilera horietan hiru parteak “gerturatzen” joan direla oinarrizko idatziaren inguruan, eta “horrek hurrengo asteetan alderdien mahaia jartzeko balioko du”.