EAko lau zinegotziak berriro hautagai izango dira maiatzeko hauteskundeetan

Uztarria 2006ko urr. 20a, 19:10
Mikel Ibartzabal, Kontxita Martija, Manuel Unanue eta Kandido Mitxelena EAko zinegotziak, artxiboko irudi batean.

Manuel Unanue, Kontxita Martija, Mikel Ibartzabal eta Kandido Mitxelena zerrendako lehen lau postuetan joango dira, "baina oraindik ez da zerrendaburua zehaztu"

Asteartean, urriaren 17an, Azpeitiko EAk egindako batzar berezian hartu zuten erabakia

Gaur egun Azpeitiko Udalean EA ordezkatzen duten lau zinegotziak (Manuel Unanue, Kontxita Martija, Mikel Ibartzabal eta Kandido Mitxelena), 2007ko maiatzean udal hauteskundeetan Azpeitiko Udalerako EAren zerrendako lehen lau postuetan joango dira. Beraz, berriro hautagaiak izango dira. Erabakia Azpeitiko EAren batzarrak hartu zuen batzar berezian, asteartean.

"Orain zinegotzi dauden alderdikideek lan ona egin dutela-eta alderdiaren konfiantza osoa dute", erabaki zuen batzarrak. Gainera, lau zinegotziak prest agertu dira berriro udal hauteskundeetan EAko zerrendan hautagai aurkezteko. Manuel Unanue EAko zinegotziak dioenez, "laurok zerrendako lehen lau postuetan joango gara, baina oraindik ez da zerrendaburua zehaztu".

Hemendik aurrera Azpeitiko EAren zerrendakideen eginbeharrekoa ere erabaki dute. "Orain zerrenda osatu behar dugu eta programa osoa egin behar dugu".

Irailaren erdialdean EAk EAEn udal hauteskundeetara bakarrik aurkeztuko dela iragarri zuen.

Udal hauteskundeetako Azpeitiko emaitzak:

1987:
Errolda: 10.010.
Botoak: 7.168.
EAJ: 2.940 boto; 8 zinegotzi.
EA: 2.466 boto; 6 zinegotzi.
HB: 928 boto; 2 zinegotzi.
EE: 411 boto; zinegotzi 1.
PSE: 274 boto.

1991:
Errolda: 10.258.
Botoak: 6.790.
EAJ: 3.305 boto; 9 zinegotzi.
EA: 1.770 boto; 5 zinegotzi.
HB: 1.038 boto; 3 zinegotzi.
EE: 326 boto.
PSE: 226 boto.

1995:
Errolda: 10.763.
Botoak: 7.342.
EAJ: 3.030 boto; 8 zinegotzi.
EA: 2.101 boto; 5 zinegotzi.
HB: 1.459 boto; 4 zinegotzi.
PP: 287 boto.
PSE-EE: 225 boto.

1999:
Erroldak: 11.299.
Botoak: 8.575.
EAJ: 3.141 boto; 7 zinegotzi.
EH: 2.923 boto; 6 zinegotzi.
EA: 1.744 boto; 4 zinegotzi.
PP: 351 boto.
PSE-EE: 235 boto.

2003ko udal hauteskundeak:
Errolda: 11.263.
Botoak: 8.269.
EA-EAJ: 5.459 boto; 15 zinegotzi.
PSE-EE: 356 boto; zinegotzi 1.
PP: 355 boto; zinegotzi 1.
-Datu horiek ofizialak dira. Habeak kaleratutako datuen arabera —Habea legez kanpo utzi zuen Espainiako Justiziak— , berak 2.027 boto eskuratu zituen. Horren ondorioz, EAJ-EAko 13 zinegotzi lortuko zituzkeen eta Habeak lau.