Kulturaldiko ekitaldiak izango dira asteburuan

Uztarria 2006ko urr. 20a, 18:10
'Eman bira' poesi antzeztuan parte hartuko duten lagunak.

Gaur, ostirala, Ima eta Joni Ubedaren emanaldia izango da Orkatz Kultur Elkartean, 22:30etik aurrera

Igandean, berriz, Eman bira poesia antzeztua ikusteko aukera izango da udaletxe azpian 19:30ean

Aurreko igandean hasi zen Uztarriak Kultur Koordinakundeak antolatzen duen Kulturaldia, eta asteburu honetarako ere hainbat ekitaldi daude iragarrita. Horrela, gaur, ostirala, 22:30ean Orkatzen Ima eta Joni Ubeda musikarien emanaldi akustia izango da.

Manuel Goenaga 90 urteko gudari usulbildarraren pasadizo batetik Manuel Goenagak kontatutakoa izeneko kantu berria sortu dute Ima eta Joni Ubedak. "Eskainiko dugun emanaldiaren abiapuntua izango da istorio hori. Aitzakia horrekin, 36ko gerrari buruz egin ditugun hainbat kantu eskainiko ditugu" diote ubedatarrek.

Igandean, berriz, "Eman bira... bestaldea ikusi arte" ikuskizuna izango da udaletxe azpian 19:30ean Igor Aranbarri, Kepa Urbieta, Alaitz Olaizola eta Gurutze Eizmendi azpeitiarren eskutik. "Hasiera batean definitzen zaila den zerbait egin nahi genuen antzerkia eta poesia uztartuz" dio Igor Aranbarrik. "Formula berria da guretzat, lehen aldia baita kalean emanaldi bat egingo duguna. Helburua, poesiari umorea eta antzerkiari sakontasuna ematea izango da".