Aralarrek epaitegian kultur gunea proposatu du

Uztarria 2006ko urr. 17a, 17:10

Epaitegia Izarraitz pilotalekura aldatu dutenez, bertan gelditu eta Euskal Herriako eraikina "herritarren beharretarako" bideratzea eskatu du Aralarrek

Azpeitiko Aralar taldeak Sanjuandegin herritarren beharretarako gabeziak daudela dio. Hori dela eta, hainbat proposamen egin ditu. "Jakina da auzo hau Azpeitiko zati handienetakoa dela biztanlez, eta oso azpiegitura gutxi duela inguruan. Zaharren egoitza bada, ludoteka ere bai, baina ez du gune kulturalik. Une egokia litzateke hau, epaitegia behin-behineko Izarraitz pilotalekura joan eta gero, bertan gelditzea behin-betirako".

Aralarrek, epaitegiko eraikinean obrak egin beharrean, "egokitzapen batzuk egin eta kultur nahiz zerbitzu gune bihurtzea" proposatzen du. "Gela batzuk bileretako eta ekitaldietako antolatu, informatika gela antolatu, erakusketa gela eta Udalaren zenbait zerbitzu ere bertan jartzea proposatzen dugu". Udaletxera joan beharrean, hainbat administrazio kontutarako bulegoa izatea ere eskatzen dute.

Era berean, inguruan dagoen aparkalekua birmoldatu eta lurrazpiko aparkalekuak egitea proposatzen du Aralarrek. "Orain dagoen aparkalekua zati baten mantendu, eta azpira beste bat egin; beste zati bat berdegune bezala antolatuz, inguruari dagokion modura".