Habearen ustez, udal tasek "gehiegizko igoera" izan dute

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 10a, 16:10
IƱaki Errazkin eta Miren Odriozola atzoko prentsaurrekoan.

Tasak eta zergak gizarte politika egiteko aukera "egokia" direla diote (Urola Kostako Hitza)

Habearen ustez, udal zerga, tasa eta zerbitzu publikoak Udalak "gizarte politika" egiteko aukera egokia dira, baina "ez da horrela gertatzen". Atzo, astelehena, prentsaurrekoan azaldu zutenez, Udalak azken bost urteotan tasak "gehiegi igo" ditu. Tasen inguruko azterketa egin du Habeak: "2003tik 2007ra KPIa %17,1 igo da. Baina tarte horretan Azpeitiko Udalak zaborraren gaineko tasa %54,35 igo du; kirol patronatuko zerbitzua %32,6; estolderia %46,03 eta ura %25".

Habeakoen ustez, Azpeitiaren antzeko herriek dituzten tasak begiratu eta Azpeitikoekin alderatu behar dira. "Goitik gauden kasuetan izoztuz, eta behetik gauden kasuetan KPI igoz". Pobrezian dauden herritarrak kontuan hartuta, beste proposamen bat ere egin dute: "Pobrezian daudenei zerga salbuespena egitea eta maila horretatik gertu daudenei hobariak ematea".

Zerga ez zuzenak (ura, zaborra...) igotzeko joera dagoela eta zerga zuzenak (PFEZ...) ez direla igotzen salatu dute Habeakoek. Horrez gain, uraren kontsumoan eragin beharra eta zabor politika berria abiatzea garrantzitsuak direla azpimarratu dute.

Aurrekontuen eztabaidaz

Udaleko Ogasun batzordean onartu berri duten 2007ko udal aurrekontuen egutegiarekin ere ez daude ados Habeakoak. "Egutegi horren arabera, azaroan, hilabeteko epean, eztabaidatu eta onartuko dira 2007ko udal aurrekontuak. Horrela aurrekontuak onartzeko prozedura Udaleko marko itxietan bakarrik landuko da, herriko taldeei eta herritarrei iritzia emateko aukerarik eman gabe".

Udal aurrekontuak onartzeko prozedura herritarrengana zabaltzeko aldarrikapena egin dute: "Aurrekontuak, urteko politika eta inbertsioak finkatzeko momenturik garrantzitsuena da".

Horregatik, udal batzorde bakoitza herriko taldeekin harremanetan jartzeko eskaera egin diote Udalari, "taldeen beharrak ikusi eta aurrekontu zirriborroak elkarlanean prestatzeko". Gaur egun Udalak onartu duen prozedurak horretarako aukerarik ez duela ematen diote.