Santutxo auzoko obrak hastear dira

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 6a, 17:10
Santutxo auzoan goiko kaletik hasiko dituzte urbanizazio obrak.

Auzoa berriro urbanizatzeko lanek 248.534 euroko aurrekontua dute

Lan hauek sei hilabeteko iraupena izango dute (Urola Kostako Hitza)

Santutxo auzoko bi kale berriro ere urbanizatu egingo ditu Udalak, eta berrikuntza lan batzuk egingo ditu. Besteak beste, lur zorua txukunduko dute, autoen aparkalekuak antolatuko dituzte ezinduentzako aparkalekuak ere seinalatuz eta oinezkoentzako espaloiak txukundu eta kale batetik besterako pasabidea egingo dute. Udaletik jakinarazi dutenez obrak laster hasiko dituzte.

"Kaleak berritzeaz gainera, oinezkoentzako bideak egokitu eta erosoago egitea edota irisgarritasuna hobetzea" dira lan horien helburuak, Udalaren esanetan. Guztira 248.534 euroko aurrekontua dute lanek.

Dagoeneko obrak hasteko moduan daude, izan ere Udalak erabaki du Art Eraikuntzak S.L.-k egingo dituela; joan den hilaren 27an hartu zuten erabakia. Santutxoko lanak "lehenbailehen" hasi nahi ditu Udalak, eta eraikuntza enpresak obra hori sei hilabeteko epean bukatu beharko du.

Santutxo auzoan hiru kale daude, eta horietatik bitan egingo dituzte urbanizazio lanak, goikoan eta erdikoan hain zuzen ere. Lanak goiko aldetik hasiko direla ere erabaki du Udalak.