'Txabola terapeutikoa' Pako Aristiren liburu berria

Uztarria 2006ko urr. 4a, 17:10

Gaztetxoei zuzendutako liburua da

Bihar Frankfurteko Liburu Azokan izango da Aristi

Pako Aristi idazle urrestildarrak liburu berria atera du; Txabola terapeutikoa du izena eta gazteentzako liburua da.

Gaztetxoei zuzenduriko liburua da, 12 urtetik gorako neska-mutilei, eta Oihana izeneko neska du protagonista. Oihana gaixorik dago eta aitona-amonen baserrira bidali dute sendatzera, bakea behar baitu. Aitona ez da psikologoa, baina umore ona dauka, baita amonarekin haserretzen denean ere. Amonari, berriz, aitonari errieta egitea gustatzen zaio batzuetan. Giro horretan, Oihanak ikasiko du umorea eta maitasuna sendabide onak izan daitezke.

Aristik narrazioa eta elkarrizketa nahastu ditu liburuan baina solasaldiak inolako markarik gabe aurkeztu ditu. Horrela irakurleari uzten dio elkarrizketa eta narrazioa bereizteko lana.

Poesia, ipuimak eta helduentzako narrazioak ez ezik, Aristik haur eta gazteentzako liburu ugari ditu argitaratuak dagoeneko.

Bihar Frankfurteko Liburu Azokan izango da

Gaurtik hasi eta igandera bitartean, euskal editoreen ordezkaritza bat izango da Frankfurteko Liburu Azokan. Bihar 17:00etan euskal literaturaren zabalpenari begira inaugurazio ekitaldia egingo da euskal standean, Pako Aristi, Laura Mintegi eta Eider Rodriguez euskal idazleen partaidetzarekin.