Erdi Aroko azokan 60 postutik gora jarriko dituzte

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 4a, 12:10

Herriko saltokiek eta herritarrek postuak jartzeko aukera izango dute, aldez aurretik udaletxean izena emanda

Azoka irekita dagoen bitartean kaleak girotzen herriko hainbat talde ibiliko dira

Aurten ere Erdi Aroko azoka antolatu du Udaleko Festa batzordeak. Larunbatetik igandera bitartean izango da alde zaharrean. "Aurten ere 60 saltokitik gora jarriko ditugu kaleetan. Gainera, herriko saltokiei postua jartzeko aukera ere eskaini diegu. Baten batek postua jarri nahi badu udaletxeko kulturako bulegoetara jo besterik ez dauka", dio Mikel Ibartzabal Udaleko Festa batzordeburuak.

Azoka irekita dagoen bitartean kaleak girotzen herriko hainbat talde ibiliko da: Itsasi dantza taldea, ttuntturroak, Juan Antxieta Musika Eskola, Metal Boskotea eta Udal Musika Banda. Horiez gainera, Ertaro zirko konpainiakoak etorriko dira. "Urtero, animazioko talde bat ekartzen saiatzen gara. Iaz talde kataluniar bat etorri zen, eta aurten Nafarroatik datoz", azaldu du Ibartzabalek.

Salerosketarako hainbat produktu izango da azokan: bitxiak, jakiak, zeramika, otarrak, larruzko gauzak, belarrak, jostailuak, arropak, apaingarriak... Rosa Mari Palacios bizkaitarra aurten aurrenengo aldiz etorriko da Azpeitiko Erdi Aroko azokara, "Santo Tomas egunean-eta izan naiz Azpeitian, baina Erdi Aroko azokan inoiz ez. Azpeitian nahiko ondo egiten da lan, eta horrelako azokek bezeroa gertutik ezagutzeko aukera ematen dute", dio aloe verarekin egindako produktuen saltzaile denak.