Azaroan onartu nahi dituzte 2007ko udal aurrekontuak

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 3a, 13:10

Hil honetan hasiko da Ogasun saila proposamenak aztertzen (Urola kostako Hitza) Azken bi urteotan, Udalak urtea hasi baino lehen onartu ditu udal aurrekontuak

Udaleko Ogasun batzordea hil honetan hasiko da datorren urteko udal aurrekontuak aztertzen. Manuel Unanue Ogasuneko batzordeburuaren (EA) esanetan, "2007ko udal aurrekontuak, azaroaren 30ean udalbatzarrean onartu nahi dira, eta 2007ko urtarrilaren 1ean indarrean izatea nahi dugu".

Dagoeneko 2007ko aurrekontuak onartzeko egutegia egin du Ogasun batzordeak. "Hil honen 11rako Udaleko sail guztiek aurrekontua kontuhartzailetzan aurkeztu beharko dute. Gero, hilaren 31n, Ogasun eta kontu batzordearen aurreneko bilera egingo dugu, eta bertan aurrekontuaren hasierako proposamena aztertuko dugu". Azaroan ere aurrekontu proposamena aztertzeko bilerak egingo dituzte udaletxean.

Unanueren esanetan, 2007ko aurrekontuak 2006ko udal aurrekontuen ildo beretik joango dira segur aski. "Proiektu handi batzuk martxan daude (Soreasu...) eta gehiena horietara zuzenduko da, gainontzekoa, berriz, sailik sail banatuko da. Aurtengoak ere halaxe egin ziren".

Azken bi urteotan, Udalak urtea hasi baino lehen onartu ditu udal aurrekontuak: aurtengoak 2005eko abenduaren 1ean onartu zituen, eta 2004koak abenduaren 29an.

Bestalde, joan den hilaren 19tik Udaleko Ogasun batzordean ordenantza fiskalen inguruan ari dira eztabaidan. Ostegun honetan egingo den udalbatzarrean, ordenantzak onartzea espero dute Udalekoek.