Trikitiaren jai handia, liburuaren aitzakian

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 2a, 14:10
Auntxatarrak eta iturbidetarrak

Urrestillako trikitixa. Auntxa eta Iturbidetarrak liburua Urrestillako zumetarioan aurkeztu zuten zapatu eguerdian (Urola Kostako Hitza)

Urrestillako Trikitixa. Auntxa eta Iturbidetarrak liburua ostegunean aurkeztu zuen Euskal Herriko Trikitilari Elkarteak, Donostian. Zapatuan, berriz, Urrestillan bertan egin zuten liburuaren aurkezpena, Urrestillako parrokiko zumetarioan.

Joxemari Iriondok idatzi du liburua, eta hau ere atzo Urrestillan izan zen. "Nik beti aldarrikatu izan dut nire Urrestilla eta Aratz Errekako jatorria", zioen aurkezpenean. Haren ondoan auntxatarrak eta iturbidetarrak egon ziren, Frantzisko Antonio Aranaga Aramendi Auntxa-ren Gurutz Aranaga semea eta Imanol Arregi Iturbide. Denek ere Auntxarentzako hitz onak izan zituzten: "Zintzoa, hitzekoa eta zuzena". Julian Eizmendi alkateak, berriz, identitate propioaren garrantziaz jardun zuen, eta Auntxak eta iturbidetarrek trikiti munduari egindako ekarpena nabarmendu zuen.

Aurkezpeneko unerik hunkigarriena, ezbairik gabe, Gurutz Aranagak Joxemari Iriondori Auntxarena izandako eskusoinu txiki-txiki bat oparitu zion unea izan zen.

Bazkal ordura arte haur, gazte eta heldu kalejiran ibili ziren Urrestillan, tartean Irungo Auntxa Trikitixa Eskola eta Azpeitiko Musika Eskolakoak. Arratsaldean, berriz, trikitiaren doinuak Azpeitiko kaleak hartu zituen.