Nagore Aranburu: "Liburuan ikusten den mundu hori zabaldu egin da filma egiterakoan"

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 28a, 17:09

Gaur (hilak 28) estreinatuko dute Kutsidazu bidea, Ixabel filma Zinemaldian

Nagore Aranburuk Joxean Sagastizabalen lana antzerkirako moldatu zuen eta filmeko gidoilari taldeko kide ere izan zen (Urola Kostako Hitza)

Kutsidazu bidea, Ixabel filmeko gidoia lantzen hiru lagunek jardun zuten hasiera batean. Liburua idatzi zuen Joxean Sagastizabal eta ikus-entzunezkoen munduan esperientzia zabala duen Karlos Zabala izan zituen taldekide Nagore Aranburuk (Azpeitia, 1976). Filma, gaur (hilak 28) estrenainatuko dute, 18:00etan Zinemaldian, Zabaltegi sailean. Asteburuan, eskualdeko zinema denetan botako dute filma.

Gidoia lantzerako orduan, nola heldu zenioten lanari?

Aurretik antzerkia egina zegoen, modu komikoan. Filmerako ekoizleek eta zuzendariek era naturalista batean eutsi nahi zioten gidoiari. Ikus-entzunezkoen lengoaia desberdina da, eta orduan, leku gehiago eta pertsonaia gehiago sartu genituen. Liburuan ikusten den mundu hori zabaldu egin da filma egiterakoan.

Zertara zabaldu da?

Ingurua bera, aldameneko baserriekin, herriko jendearekin... Gainera, Ixabelek liburuan ez zuen beste mutil lagun bat du. Horrez gain, Euskal Herrian momentu horretan gertatzen ari ziren gauzak islatu nahi izan zituzten zuzendariek eta gidoian sartzen saiatu ginen. Guardia zibilak, etakideak... honelakoak azaltzen dira. Pertsonaia asko elkarlotuta daude, eta liburuan ez zeuden lagun asko ageri da.

Filmarekin batera telebistarako telesaila egin dute.

Bai, gidoi aldetik erronka bat zen. Lan zaila. Nik oraindik filma ez dut ikusi, eta telesaileko istorio guztiak ez direla agertuko pentsatzen dut. 5 orduko istorioa egin genuen telesailerako, eta kontu berri asko atera ziren hori egiteko.

Zer giro izan zenuten gidoilarien taldean?

Sagastizabal, Zabala eta hirurok aritu ginen bertsioak egiten. Pentsatzekoa da, grabatzen ari ziren bitartean, Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues zuzendariek eskua asko sartuko zutela. Bakoitzak bere zatitxoa jarri du istorioa egiten.

Joxean Sagastizabal idazleak zer jarrerarekin jardun zuen bere nobela moldatzen?

Ilusio eta gogo handiarekin jardun zuen. Istoria eta pertsonaiak oso ondo ezagutzen ditu berak. Esperientzia berria zuen, lehen filma eta telesaila baitzituen. Gustura eta ikasten jardun zuen. Gainera, beraiek hobeto ezagutzen dute 70eko hamarkadan gertatutakoa, eta giro politikoa Sagastizabal eta Zabalak gehiago landu zuten.

Zer gorputzaldirekin joango zara estreinaldira?

Nik gidoian hartu nuen parte, eta orduz geroztik, bi urte eta erdi pasatu dira. Oso fresko nago, eta ikusle moduan joan nahi dut ikustera.