Mugikortasunaren diagnostikoa egin du Iraurgi Lantzenek

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 26a, 17:09
Urola Erdiko garraio publikoaren eskaintza ere aztertu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundia, Jaurlaritza eta Urola Erdiko sei Udalak Mugikortasun Iraunkorraren Plana osatzen ari dira (Urola Kostako Hitza)

Iraurgi Lantzenek Urola Erdiko Mugikortasun Iraunkorraren Planaren diagnostikoa egin du. Plan horren helburua pertsonen herririk herriko mugikortasuna erraztea da.

"Plan hori egiteko orduan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Urola Erdiko sei udalek Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Aizarnazabal, Beizama eta Errezil parte hartu dute", dio Jesus Agirre Iraurgi Lantzeneko zuzendariak.

Hasieran, Urola Erdian pertsonen mugikortasuna nolakoa den aztertu dute. Hor hainbat gauza izan dute kontuan: "Eskualdeko herrien arteko mugikortasuna nolakoa den; gure eskualdeak Gasteizera, Bilbora eta Donostiara zer-nolako mugikortasuna eta azpiegiturak dituen eta, azkenik, eskualdeak kanpokaldeko errepide nagusiekin zer lotura dituen".

Batetik besterako mugimenduak zerk eragiten dituen ere aztertu dute: lana, ikasketak, aisialdia, kultura... "Horrez gain gaur egun dagoen eskaintza ere aztertu dugu. Aintzat aurren-aurrena garraio publikoa hartu dugu, gero elkarrekin egindako garraioak, ondoren garraio alternatiboak eta azken-azkenik autoan egindakoak".

Diagnostikoa egina daukate, orain hurrengo lana hori aukeztea izango da, eta Plana martxan jartzea. Dagoeneko, mugikortasunarekin lotutako hainbat ekimen aurrera eramaten ari dira udalak. Esaterako, Azpeitiko Udala herri barruko garraio publikoa jartzekotan da.

Aurrera begirako asmoa, berriz, Urola Erdian mugikortasunaren bulego bat jartzea da.

Diagnostikoa (Ateratako ondorio batzuk)

Iraurgi Lantzenek Urola Erdiko Mugikortasun Iraunkorraren Planaren diagnostikoa egin du. Azterketan ateratako ondorioetako batzuk hauek dira:

Garraio publikoa. "Urola Erdian garraio publikoa eskasa eta gaizki antolatutakoa da".
Geltokiak. "Garraio publikoaren geltokiak ez daude ondo".
Ohitura. "Ez dago ohitura handirik garraio publikoa erabiltzeko".
Informazioa. "Mugikortasunari buruzko informazio gutxi dago".
Kultura. "Autoaren kultura nagusia da".
Trena. "Trenik ez dago".
Mugimendu nagusienak. "Pertsonak batik bat Azkoitia eta Azpeitia artean mugitzen dira, hor mugimendu handia dago. Batik bat eskola orduetan eta industria guneetan".
Bizikleta. "Bizikletan ibiltzeko tradizio handia dago".
Industria. "Industria industriaguneetan kontzentratuta dago".
Distantziak. "Urola Erdiko herrien arteko distantziak txikiak dira".