Leire Agirre: "Gustuko ditudan gauza asko batzen ditu Getariak"

Oihana Elduaien (Berria) 2006ko ira. 25a, 17:09

Berria egunkarian Leire Agirre eskalatzaile azpeitiarraren erreportaje hau argitaratu zuten larunbatean

Nik Getarian bizi nahi dut", atera zaio Leire Agirre azpeitiar eskalatzaileari, erdi brometan, erdi serio, Getariako (Gipuzkoa) portuan, etxebizitza bloke batera abiatzerakoan. "Nire gustuko gauza asko batzen dituen herria da. Paisaia aldetik, kristoren polita da, itsasoa bertan du, eta dauden hareharrizko bloke horiekin... Hiru Harri Handiak izeneko toki bat badago, kolore, forma, ukimen eta hainbat erritmotako bloke askorekin... Asko gozatzen dut hemen, eta etxetik 15 minutura daukat! Harmonia bat osatzen du, Feng-shui bat da niretzat".

Getarian bertan, Zarautz aldera geratzen den kala txiki batera eraman gaitu. Han, bloke "beltz-beltza" dago, eta bakea, bake handia. Itsaso barearen olatuek harkaitzen kontra jotzean ateratako zarata entzuten da, eta kaio bakan baten kru-krua. Itsasora begira, herria, hondartza eta San Anton ikusten dira ezkerretara, eta Gipuzkoako kostako errepide sigi-sagatsua eskuinetara.

Udako azken eguna biribila atera da. Ez dago zeruko urdina zikintzen duen lainorik, eta 27 gradu markatzen du kotxeko termometroak. Hondartzan jendea dago, eta surflariak ere ez dira falta.

Haiekin ere gustura asko nahastuko litzateke Agirre. "Surfa ikasi behar dut oraindik", dio, "egiteko daukadan gauza bat da".

Mendia eta itsasoa. Arraroa gerta daiteke eskalatzaile batek itsasoarekin halako lotura izatea. Mendia eta bien artean aukeratzea zaila egiten zaio, baina aukeratzekotan, mendia hartuko luke Agirrek. "Itsasoa tristea izan daiteke neguan, eta mendia, berriz, ez".

Eskalatzeko toki batez galdetuta, ez du dudarik: Araotz. "Han egin ditut bide gogorrenak, eta oroimen politenak eta emozio sakonenak hangoak ditut".

Bizitoki duen Baiolegi baserrian ere badu eskalatzeko txokoa. "Kapritxora muntatuta daukat bulder bat. Luxu bat da hura han edukitzea. Oraintxe gaueko hamaiketan joaten naiz, hurrena goizean, hurrena batere ez...".

Baserrian, beste makina bat lan ere egin behar izaten du. "Baratzean han ibiltzen naiz, gustura asko, neure saltsan". Ehundik gora ardi dituzte eta baita behiak ere.

Paretari egindako laztanekin eta baserriko lanarekin zarpailduta ditu eskuak, baina, hala ere, ondo moldatzen da sukaldean ere. "Kafetegia eduki genuenean hasi nintzen gozogintza lantzen. Orain, astean behin edo labea pizten dut, eta harrapatutako dena botatzen dut!". Tartak, magdalena, galletak... denetarik. Esku ona du, Azpeitiko lagunak gustura dauzka behintzat.

20 urte eskalatzen. "12 urterekin, Xoxotera egindako irteera batean probatu nuen eskalada, eta orain 32 ditut. Han, harrobian daude pareta handiak!, esaten ziguten begiraleek, eta nik orduantxe jakin nuen eskalada egin nahi nuela. Orduan Heidi bat nintzen, eta eskalatzaile on bat izatea lortu nahi nuen". Eta lortu du.

Orain, beste fase batean dago eskalatzaile azpeitiarra. "Txapelketak ez nau horrenbeste motibatzen. Asko irabazi ditut, baina jada ez dut irabazi nahi. Gazteak datoz atzetik, eta haiek irabazi behar dute". "Orain, bidaiatzeko pasioa dut, eta horixe egin nahi dut".