Enpresa eta erakunde publikoek Elegune aurkeztu dute

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 25a, 17:09
Elegune gune teknikoaren aurkezpena, ostiralean udaletxean; herriko hainbat enpresetako ordezkariek parte hartu zuten bertan.

Azpeitiko enpresetan euskara planak garatzeko balioko du eta bertan herriko hamar enpresak parte hartuko dute (Urola Kostako Hitza)

Elegune, herriko enpresetan euskara planak garatzeko gune teknikoa aurkeztu zuten ostiral arratsaldean udaletxean. Julian Eizmendi Azpeitiko alkatearen esanetan, "Elegune, enpresen hizkuntz kudeaketara zuzenduta, Euskal Herrian martxan jarriko den lehen gune teknikoa da; aitzindaria". Enpresei eskaera bat ere egin zien, euskarari "merezitako arreta emateko".

Enpresek enpresentzat egin duten proiektua da Elegune. Azken bost urteotan herriko bost enpresak (Biele, Zubiola, Danona, Glual eta Antzibar) proiektua definitzen jardun dute Udal Euskara Patronatuarekin batera. Horietako bi enpresak, Bielek eta Zubiolak, euskara plana martxan ere jarri dute. Bielen "euskara hizkuntza naturala" dela nabarmendu zuen Luis Juaristi Bieleko zuzendaritzako kideak: "Ahozko komunikazioan euskara da nagusi, eta orain Elegunek idatzizkoan euskararen erabilera gehitzen lagunduko digula espero dugu. Euskara indartu behar dugu eta horixe nahi dugu". Zubiolako kudeatzaile Mari Angeles Amenabarren esanetan, "Zubiolan, euskara enpresa prozesuan giltzarri moduan txertatzea erabaki dugu. 2010ean euskara Zubiolako lan hizkuntza izango da".

Azpeitiko alkateaz eta Zubiolako eta Bieleko ordezkariez gainera, Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuordeak eta Andres Urrutia Euskaltzainburuak parte hartu zuten Eleguneren aurkezpenean. Baztarrikaren esanetan, Bieleren eta Zubiolaren adibideak salbuespenak dira eta erabileraren erronkari erantzuteko egiteko asko dago.

-Berriako albistea.