Informazio Puntutik 417 lagun pasatu dira

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 22a, 17:09

Azpeitira etorritako bisitarien gehiengoa Herrialde Katalanetakoa izan da: %42a

Udalaren ustez, "eguraldiak lagundu du igoera horretan" (Urola Kostako Hitza)

Udan, hilabetez, abuztu osoan, herrira etorritako bisitarientzako Informazio Puntua izan du zabalik Azpeitiko Udalak, Sindikatu Zaharreko beheko solairuan. Aurten iaz baino hiru aldiz bisitari gehiago etorri da Azpeitira. "Iaz, Sindikatu Zaharreko Informazio Puntutik 160 bisitari pasatu ziren, eta aurten, berriz, 417 izan dira hara galdezka joandakoak". Ondorioz, aurtengo balantzea positiboa izan dela diote.

Informazio Puntura galdezka joandako bisitarien gehiengoa bere kasa etorritakoa izan da. Jatorriz, berriz, %42a kataluniarra izan da, %7a madrildarra eta %6a gipuzkoarra. Etorritakoen %52a kostan egon da ostatu hartuta.

Udalaren iritziz, aurten bisitarien igoera eragin duten arrazoiak honakoak izan dira: "Herri sarreretan-eta Informazio Puntua non dagoen adierazi egin dugu. Bestetik, San Inazioren 450. urteurrena dela-eta jendea etorriko zen. Eta eguraldiak ere lagundu du aurten, abuztuan egun askotan lainotuta egon da, eta kostan ostatu hartuta zeuden bisitariek barrualdea bisitatzeko aukera egin dute".