Behera egin du kanpoko igerilekuko erabiltzaileen kopuruak

Uztarria 2006ko ira. 21a, 17:09

Denera, 41.626 bisita izan ditu ekainetik iraila bitartean, iaz baino 1.208 erabiltzaile gutxiago

Uztailaren 20an izan zen lagun gehien: 1.466 erabiltzaile

Azpeitiko estali gabeko igerilekuak aurreko astean, irailaren 17an, itxi zituen ateak datorren urteko ekainera arte. Azpeitiko Udal Kirol Patronatoak uztarria.com-i emandako datuen arabera aurten 41.626 bisitari izan dira igerilekuan ekainaren 11tik irailaren 17ra bitartean, iaz baino %2,8 gutxiago.

Kanpoko igerilekua 2001ean ireki zuten, eta ordutik erabiltzaile gehien izan duen urtea, 2003a izan da: 48.235.

Aurreko urteetan bezala, aurten ere erabiltzaile gehienak Udal Kirol Patronatuko bazkideak izan dira (34.014, %82) eta gainontzeko 7.612ak (%18) bazkide ez direnak. "Kanpotik jende asko etortzen da instalazio hauetara, eta bisitariek oso irudi ona eramaten" dutela adierazi du Kirol Patronatuak.

Iazko erabiltzaileekin alderatuz (42.834), %2,8 bisita gutxiago izan dira aurten Udal Kirol Patronatuko arduradunek diotenez. Eguraldiak badu horretan eraginik; igerilekua irekita egon den 100 egunetatik 37 izan baitira eguzkitsuak.

Hona hemen aurtengo denboraldian jasotako datuak:

  • Kanpoko igerilekua 100 egunez egon da zabalik.
  • Guztira 41.626 bisita izan ditu. Batez beste, eguneko 416 lagun.
  • Ekainetik irailera bitartean, uztaila izan da jende gehien bildu duena: 18.966 lagun. Ondoren, ekaina (8.803), gero abuztua (6.705) eta azkenik, iraila (7.152).
  • Jende gehien izan den eguna, uztailak 20a izan da: 1.466 lagun. Gutxien, berriz, irailaren 16an, lagun bakarra.
  • 11 egunetan mila lagunetik gora izan ditu.
  • Igerilekua zabalduta egon den 100 egunetatik, 37 izan dira eguzkitsuak.
  • Uraren tenperaturari dagokionez, beroena uztailaren 20an izan zen 27º. Hotzena, berriz, ekainaren 28an (18,5º) egon zen.