Igerian ikasiz eta lehian

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 21a, 17:09

Izarraitz Igeri Elkarteak hil honetan hasi du 2006-2007ko kirol denboraldia, eta izena emateko aukera zabaldu du (Urola Kostako Hitza)

Izarraitz Igeri Elkarteak irailaren 11n hasi zuen 2006-2007ko kirol denboraldia. Denboraldia hastearekin batera, igeri elkartean izena emateko aukera ere zabaldu dute. "7 edo 8 urtetik gorako haur eta gazteek izena eman dezakete Igeri Elkartean. Igeri eskolan igerian ikasteaz gainera, igeriko lau estiloak ikasteko aukera ere izango dute igerilari berriek", dio Naroa Epelde Izarraitz Igeri Elkarteko kideak.

Igeri eskolak eta entrenamenduak eguerditan edota arratsaldetan egiten dituzte. "13:00etatik 14:00etara, asteartetan eta ostegunetan jarduten dugu, eta 17:15etik 18:00-etara egunero. Gero bakoitzak erabakitzen du zenbat egunetan eta zein ordutegitan etorri. Batzuk bi edota hiru egunetan etorri ohi dira", kontatzen du Epeldek.

Aurreko denboraldian Izarraitz Igeri Elkartean 70 igerilari inguru ibili ziren. Horietatik gehienak igeri txapelketetan ere parte hartu zuten. "Benjamin aurrekoak diren igerilariek, 9 urtetik beherakoek, ez dute txapelketetan parte hartzen. Benjaminetatik aurrera, 9 urtetik gorakoak hasten dira lehian".

Igeri Elkartean izena eman nahi dutenek igerilekuko harrerara joan beharko dute 13:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara bitartean, eta Naroa edota Jorgerengatik galdetu beharko dute, horiek baitira Izarraitz Igeri Elkarteko kideak.

Igeri Elkarteko kidea izateko hileroko kuota ere ordaindu beharko da, kuota 20 eurokoa da.