Erorien Gurutzeko plakak kendu dituzte

Uztarria 2006ko ira. 20a, 17:09
Gurutzearen oinarria, plastiko beltz batekin tapatu dute.

Joan den ostegunean (hilak 14) kendu zituzten

Udalak beste plaka batzuk jarriko ditu, baina gerra hartan hil ziren denen oroimenez

Joan den ostegun iluntzean, irailaren 14an, ezezagun batzuek hilerrian dagoen Erorien Gurutzeko plakak kendu zituzten. Plaka horietan, Espainiako Gerran Francoren tropekin ibilitako hildako 40 bat herritarren izenak azaltzen ziren. "Norbaitek plakak txukun-txukun kendu eta eraman egin dituzte", azaldu du IƱaki Etxezarreta Udaleko Zerbitzu Orokorretako Batzordeburuak.

Ez dakite nor izan den plaka horiek kendu dituena, baina ez dute "susmo onik" Udalean. "Plakak falta zirela ostiral goizean enterradoreak abisatu zigun, eta hori jakin ondoren lehenbailehen zerbait erabaki beharrean aurkitu gara", azaldu du Etxezarretak.

Udalak urtebete baino gehiago darama ikerketa bat egiten. Izan ere, herritar batek gurutze hori kentzeko eskaera egin zuen. Ordutik Jabier Altuna, Udaleko Antolakuntza saileko batzordeburua, gurutze horren nondik-norakoak aztertzen ari da: "Gurutzea kentzeko eskaria jaso ondoren gurutze horren historiaz enteratzen hasi ginen eta plaka horiek aldatzekotan ginen". Plakak aldatu aurretik ordea, han lurperatuta daudenen ondorengoekin edo familiekin elkartu nahi dute. Haiekin bilera bat egin nahi dute lehenbailehen (aste honetan edo hurrengoan), eta plakak zergatik aldatuko dituzten eta zer jarriko duten azalduko diete.

Julia Tercero, PP-ko zinegotziak uztailean prentsa ohar baten bidez plaka horiek kentzea, "Espainiako Gerran hil ziren lagun horien senideen aurkako iraina" zela salatu zuen.

70 urte Espainiako Gerra hasi zela

Plaketan bi esaldi ipiniko dituzte ziurrenik, baina oraindik zehazteke dute justu zer jarriko duten: "Bi esaldi jartzeko asmoa dugu: esaldi bat Espainiako Gerran hildako guztien oroimenez idatziriko zerbait izango da, eta bestea, etorkizunari begira idatzirikoa izango da", azaldu du Altunak.

"Aurtengoa urte egokia dela uste dugu plaka horiek aldatzeko, izan ere 70 urte dira Espainiako Gerra hasi zela. Guk jada aldatuta izatea nahi genuen, baina ez da posible izan, gauzak atzeratu egin baitzaizkigu", dio. Hala ere, ahal bezain pronto jarriko dituzte berriak.

Gaurkoa data seinalatua

Aurten 70 urte betetzen dira Espainiako Gerra hasi zela, eta gaur (hilak 20) justu 70 urte dira Francoren tropak Azpeitian sartu zirela. Data seinalatua, beraz, herriarentzat.