Bidegorriaren aldeko apustua egin dute Urolako bost udalek

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 19a, 17:09
Juan Ramon LarraƱaga, Pello Gonzalez, Luis Maria Oiarbide, Asier Aranbarri, Antton Arbullu eta Julian Eizmendi, bidegorriaren zubi batean.

Legazpi eta Azpeitia arteko alkateek "eredu alternatibo baten" alde egin dute Mugikortasun Astearen hasieran

Azkoitia eta Azpeitia arteko bidegorriko lanak maiatzerarte iraungo dira (Urola Kostako Hitza)

Atzo, astelehena, hasi zen Mugikortasun Astearekin bat eginez, Legazpiko, Zumarragako, Urretxuko, Azkoitiko eta Azpeitiko alkateak bost herriak lotuko dituen bidegorriaren inguruko plangintza azaltzeko elkartu ziren Azkoitian. Beraiekin izan zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorrerako Departamenduko burua, Luis Maria Oiarbide foru diputatua.

"Foru Aldundiaren eta udalen arteko sintonia" azpimarratu zuen Oiarbidek. Eredu osasungarri eta eramangarri baten aldeko apustua "Gipuzkoa hiriko auzo" guztiekin egiteko asmoa ere agertu zuen. Osatzen ari diren bidegorri sareari eguneroko erabilera emateko kontzientzia aldaketa eman behar dela adierazi zuen. Gainera, etorkizunerako erronka garrantzitsuenen artean kokatu zuen bidegorrien inguruko araudia egitea, "Europan lehenengo aldiz egingo dena" esan zuen Oiarbidek.

Azkoitia eta Azpeitia arteko bidegorriari dagokionean, lizitazio prozedura urria eta azaroa bitartean egingo dutela aureratu zuen diputatuak. Lanak, berriz, abendutik maiatza arte luzatuko omen dira. Farolak ere jarriko dituzte gauean argiztatuta egoteko.

Azkoititik Urretxuraino doan bideko zolan konponketak egingo dituztela eta tunelak argiztatuko dituztela esan zuten Foru Aldundiko teknikariek. Gaur egun, zati bat moztuta badago ere, bidean zubi bat eraikitzekoak dira Altzibarren dagoen bidegorriarekin lotzeko.

Bost herri bide berean

"Urola ibaiaren bidea jarraituz, bidegorrien aldeko apustua egin dugu, herritarren bizimodua hobetzeko", adierazi zuen Asier Aranbarri Azkoitiko alkateak agerraldian.

Legazpiko alkate Juan Ramon LarraƱagak bere herrian bidegorriak izandako "arrakasta" aipatu zuen. "Horrelako azpiegitura beharrezkoa da, kultura aldaketa dakarrelako. Garraioa eramangarriagoa egiteaz gain, oinez eta bizikletan ibilita patxada eta gertutasuna irabazten dira eta".

Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak bi kontu nabarmendu zituen. Batetik, udalen arteko elkarlana, eta bestetik, Foru Aldundiak bailarari laguntzeko ekimena. "Zoriontzeko moduko ahalegina" gisa definitu zuen bidegorria.

Urretxuko alkate Pello Gonzalezen ustez, "azpiegitura lanen artean herritarren artean onartuena eta beharrezkoena" izan da. "Natura aldetik trenbidea paraje pribilegiatuan dago, eta errepidearen komunikazio bide alternatiboa izan daiteke", gaineratu zuen.

Zumarragako alkate Antton Arbuluk, horrelako egitasmoetan parte-hartzea "herritarrentzat eta udal ordezkarientzat atsegina" dela esan zuen. Garai batean funtzionatu zuten azpiegiturak ingurumenari eragin gabe berreskuratzea positibotzat jo zuen.

Datuak

Legazpi-Azpeitia bidegorriak 21,1 kilometro eta 3.974.326 euroko inbertsioa izango ditu.

Legazpi-Urretxu-Zumarraga
Luzera. 3,2 kilometro.
Inbertsioa. 54.000 euro.
-1.fasea: Trenbidea kendu, zoladura berria jarri, hesiak jarri, argiztapena eta lurraren kudeaketa egingo dituzte.
-2.fasea: Ekipamendua jarriko dute (Udalaren eta UGGASAren eskutik).

Zumarraga-Urretxu-Azkoitia
Luzera. 11,5 kilometro.
Inbertsioa.
-Lotura hidraulikoa (Obra Hidraulikoen zuzendaritzarekin elkarlanean): 700.000 euro 11 zubi jarri eta zola hobetzeko.
-Hesiak: 30.000 euro.
-1. fasea: 306.000 euro. 19 tunelen zolua, hesi osagarriak eta seinaleak egiteko.
-2. fasea: 705.326 euro. Tuneletako zolua eta Ipintza-Umansoro lotura egiteko.

Azkoitia-Azpeitia
Luzera. 6,4 kilometro.
Inbertsia.
-28.000 euro bidegorriaren zolua hobetzeko.
-1.665.000 euro herrien arteko bidegorria egin eta seinaleak jartzeko.