Herriko enpresetan euskara garatzeko Elegune sortu dute

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 15a, 17:09

Dagoeneko euskalduntze plana martxan jarrita dute Zubiolan eta Bielen (Urola Kostako Hitza)

Elegune, enpresei hizkuntzen kudeaketan laguntzeko gune teknikoa, sortu du Euskara Patronatuak. Elegunek, enpresetan euskara planak aurrera eramaten laguntzea du helburua. Eta bere eginkizuna, herriko enpresei euskarari bide egiteko laguntza eta baliabideak erraztea da, "zerbitzu profesionala eta integrala eskainiz".

Euskara Patronatuak sortu du, baina proiektua definitzen azkenengo bi urteotan herriko bost enpresak ere lana egin dute: Biele, Zubiola, Danona, Glual Hidraulica eta Antzibar-Hormigones Lazkanok. Azpiegitura teknikoa, berriz, Emun kooperatibak jarriko du lankidetza hitzarmen baten bidez.

Azpeitiko Udaleko Euskara Patronatuko arduradunen esanetan, Euskal Herrian era honetako gune tekniko bat sortzen aurrena Azpeitiko herria izango da. "Azpeitian, enpresei laguntzeko, horrelako gune bat sortzea beharrezkoa dela ikusi du Udalak. Azpeitiko herriak berezitasun batzuk baditu: 10.000 biztanle baino gehiago dituzten herrien artean batez beste euskaldunena da. Enpresetan, enpresa buruen eta langileen %90a euskalduna da, eta herritarren %87a da euskalduna. Egoera soziolinguistiko berezi hori ikusita, Elegune bezalako gune tekniko batek enpresetan euskararen erabilera bultza dezake".

Enpresa bakoitzak bere gestio sistema du eta Elegune enpresa bakoitzari egokitu egingo zaio. Dagoeneko euskalduntze planak Bielen eta Zubiolan martxan daude. "Bi enpresa horiek FQM gestio sistema dute eta Elegune horretara moldatu da. Enpresa bakoitzak bere izaera, egoera eta helburu propioak ditu eta horregatik, Eleguneren zerbitzua malgua, doakoa, profesionala eta erraza da".

Elegune hilaren 22an aurkeztuko dute, 17:00etan, udaletxeko areto nagusian. Han Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko arduradunekin batera Bieleko eta Zubiolako zuzendariek parte hartuko dute. Baina aurkeztu baino lehen Azpeitiko hamar enpresa handienei aurkeztu diete: Danona, Sammic, Corrugados Gallardo, Grumal-Pemec, Altuna y Uria, Glual Hidraulica, Lan Mobel, Antzibar-Hormigones Lazkano, Zubiola, Sarralle, Biele eta Astigarraga Kit Line. "Hamar enpresa horiek Elegune proiektuan sartzeko prest daudela azaldu dute. Hamarren artean 2.100 langile dituzte, beraz industria arloko langileen %55a", diote Patronatukoek.

Baina hilaren 22a eta gero enpresa txikiekin eta ertainekin harremanetan jarriko dira Elegunekoak. "Herrian 130 enpresa daude eta Elegune enpresa handientzako bakarrik ez da, txikientzat eta ertainentzat ere egokia da, dena eginda emango zaielako".