Urrian epaitegia Izarraitz pilotalekura pasatuko dute

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 14a, 13:09
Izarraitz pilotalekuko beheko solairuetara pasatuko dute epaitegia urriaren hasieran.

Euskal Herria kaleko epaitegiaren eraikina "erabat birmoldatuko" dute

Lanek 18 hilabeteko epea dute, eta 2,7 milioi euro inguruko aurrekontua izango dute (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko epaitegiaren gaur egungo eraikinean obrak egin behar dituzte. Lan horiek egin bitartean eskualdeko epaitegiak Izarraitz pilotalekuko lehen bi solairuetan izango du egoitza, behin-behinean. Eusko Jaurlaritzako Baliabide Materialetatik esan dutenez, "urriaren hasiera aldera" pasatuko da epaitegia Izarraitz pilotalekuko lokaletara.

Epaitegia jartzeko, Izarraitz pilotalekuaren behe eta lehen solairuko lokalak berritu eta egokitu egin dituzte. Joan den urteko urrian hasi zituzten lanak, mila metro karratu inguruko azalera hartzen duten lokaletan.

Behin epaitegia Izarraitzeko lokaletara pasatzen denean, gaur egungo epaitegiaren eraikinean obrak hasiko dituzte. Eusko Jaurlaritzako Baliabide Materialetako arduradunek eraikina bota eta berria egin edota birmoldatu aztertu dute. Azkenean, "erabat birmoldatuko" dutela erabaki dute. "Gaur egungo epaitegiaren eraikina oso-osorik birmoldatuko dugu. Estruktura bera aprobetxatu egingo da, baina kanpoaldeko hormak, barrua, solairuak... denak berritu egingo dira. Eraikinak antzeko bolumena hartuko du, baina guztiz eraberrituta".

Lan horiek guztiak egiteko hemezortzi hilabeteko epea jarri dute, eta 2, 7 milioi euro inguruko aurrekontua izango du.

Gaur egun epaitegiak Euskal Herria kalean duen eraikina 1989an egindakoa da, eta 1.153 metro karratuko azalera du. Jaurlaritzaren webgunean, Justiziako eraikinen inguruko txostenean esaten denez, Azpeitiko epaitegiaren eraikina zaharkituta gelditzen ari da: "Eraikina 80ko hamarkadako proiektu baten emaitza da, justizia-arloko eskumenak Eusko Jaurlaritzari eskualdatu baino lehenagokoa. Azken aldaketa prozesalak eta jendeari arreta hobea eskaintzea helburu duten justiziaren kudeaketan aplikatutako teknologia berriak eta antolakuntza berria direla eta, hasieran proiektatutako tipologia hura zaharkitua geratzen ari da".