Etxebeltz-Izarra plana berriro ere eztabaidagai Udalean

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 6a, 17:09

Foru Aldundiak hirigintza plana behin betiko onartzeko prozesua eten egin du

Ostegunean egingo duten ohiko udalbatzarrekoan Etxebeltz-Izarrako kontua eztabaidatuko dute (Urola Kostako Hitza)

Etxebeltz-Izarra 20. lur eremua hiritartzeko proiektua behin betiko onartu, eta bertan etxeak egiten hastea korapilatsua gertatzen ari da. Udalean alderdi denak ez datoz bat proiektuarekin eta lur eremu horren aurreko (Esklabetako 19. eremua) lurjabeek ere hainbat salaketa egin dituzte Etxebeltz-Izarrako proiektua dela eta. Orain, Udalak Etxebeltz-Izarra eremua hiritartzeko onartutako proiektua behin betiko onartzeko prozesua eten egin du Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako departamentuak, egitasmoak hainbat baldintza ez dituelako betetzen.

Udalak proiektuarekin aurrera jarraitu nahi badu, Foru Aldundiak eskatutako zuzenketak egin beharko ditu. Udaleko hirigintza batzordeko ordezkariek oporretatik bueltan gai horixe dute eztabaidagai. Atzo, asteartea, arratsaldean Udaleko Hirigintza batzordean horretaz jardun zuten. Ostegunean egingo duten ohiko udalbatzarreko gai zerrendan Etxebeltz-Izarrako kontua dute eztabaidagai.

Maiatzaren 6an, udalbatzarrean, Etxebeltz-Izarra lur eremuan 320 etxebizitza (horietatik 208 babes ofizialekoak eta 112 libreak) egiteko proiektua behin behinekoz onartu zuen Udalak, EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin. Ordea, EA eta Habea ez ziren bat etorri proiektuarekin. EAk ez zuen onartu ez ordenazioa eta ezta hango lurjabeekin hitzarmena egitea ere. Habearen ustez herri antolaketa "orokorrean" hartu behar da, eta ez zatika.

Prozesua eteteko arrazoiak

Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako departamentuak Etxebeltz-Izarra lur eremua hiritartzeko proektua onartzeko prozesua etetea erabaki du. Besteak beste honako arrazoiak eman ditu:

Sarrera-irteerak. Etxebeltz-Izarrako lur eremuko hiritartze proiektuak zenbait sarrera-irteera ez dituela ondo esaten du. Bi lurzatitarako ez dago ibilgailuentzako sarrerarik eta beste bi kasutan sarrerik ez daude "argi zehaztuta". Horiek konpontzeko hirigintza proposamena aldatu behar dela dio Aldundiak.

Eskolara zuzendutako lurzatia. Foru Aldundiak dioenez, eskola jardueretarako hirigintza araudiak eskatzen duen lur zati kopurua ez du betetzen Udalaren proiektuak; araudiak eskatzen duena baino lur zati txikiagoa da. "Eskola jardueretarako 3.864 metro karratuko lur zatia zehazten du Udalaren planak. Baina, 250 etxebizitza baino gehiagoko lurzoruetan 5.000 metro karratu Oinarrizko Hezkuntza Orokorrerako eta 1.000 metro karratu eskolaurrerako izan beharko lirateke, hau da, guztira 6.000 metro karratu".

Profil eraikigarria. Profil eraikigarria aldatu egin da. Bestetik, hirigintza planean zehazten diren zenbait lerrokadura eta sestra "zuzendu" egin behar direla dio Gipuzkoako Foru Aldundiak.