Arau Ordezkatzaileen irizpideak berretsi egin dituzte EAJk eta PSE-EEk

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 29a, 17:07

Arauetako herriaren ordenamenduarekin eta etxebizitza kopuruarekin EA eta Habea ez daude ados eta kontra bozkatu dute; PP abstenitu egin da (Urola Kostako Hitza)

Maiatzean Arau Ordezkatzaileen irizpideak erabaki zituen Udalak, gero jendaurrean egon dira erakusgai eta jasotako iradokizunak erantzun egin dituzte. Atzoko udalbatzarrean, Arau Ordezkatzaileen irizpideak berretsi egin zituzten, iradokizunak aztertu eta gero, zenbait aldaketa egin dituztelako. EAJren eta PSE-EEren onespena jaso dute, baina EAk eta Habeak kontrako jarrera agertu dute eta PP abstenitu egin da.

Hurrengo “zortzi urteetan” herria nola antolatu eta gauzak non eta nola egin beharko diren jasotzen dute Arau Ordezkatzaileek. Irizpideak erabakita gelditu dira, orain Arau Ordezkatzaileei hasierako onar-pena eman beharko dio udalbatzarrak eta gero alegazioak egiteko hilabeteko epea egongo da. Ondoren, behin-behineko onartu beharko dituzte, hilabete batzuen epean behin betiko onartzeko. Lehen, Gipuzkoako Foru Aldundiak eman behar zion azken onespena sei hilabeteko epean, baina orain Lurzoruaren Legearekin herrian erabakitzeko aukera dago. Alkatearen helburua, “legealdi honetan Arau Ordezkatzaileak erabaki eta onartzea da”; beraz, maiatza baino lehen.

Arau Ordezkatzaileak zehazteko alderdien artean eztabaida handiena etxebizitza kopuruak eta herriaren ordenazioak edota antolaketak sortu du, eta ez dira ados jarri.

Habeak, berriro ere iradokizunak egiteko hilabeteko epea zabaltzeko eskatu du, haien ustez, aurrena onartutako irizpidetatik zenbait aldaketa egin direlako. “Lehen Esklabetako gunean aldaketa bat egin zela eta hori berretsi egin zen. Orain, berriz, Madalenan harrobirako jarduna egiten den gune bat bizitoki izatera aldatzea proposatzen da, bertan 11 solairu inguruko dorrea eginez. Beraz hemen ere aldaketa bat eman da”. Julian Eizmendi alkateak (EAJ) ez du uste berriro irizpideak aztertzeko moduko aldaketa denik, eta berriro iradokizunen epea ireki beharrik dagoenik.

Etxebizitza kopurua

Habearen ustez, eremu urbanoetan egin behar dira etxebizitzak, “horiekin nahikoa izango litzateke, eta gero Gallardo Corrugados lekuz aldatzen denean han ere etxebizitzak egiteko aukera izango litzateke. Eremu libre guztiak etxez betetzen hasiz gero, horrek ez dauka bukaerarik”.

EAren arabera, etxebizitza gehiago egiteko aukera aurreikusi beharko lukete Arau Ordezkatzaileek, 1.600 etxebizitza egiteko aukera izatea ez litzateke “gehiegizkoa”. Udalak “etxebizitza politika egiteko aukera galdu duela” uste du. “Etxebizitza kopurua baino inportanteagoa da, Udalak 425 etxebizitza izateko aukera galdu izana”.

PPk Loiolabidean dauden bi eremuak batera urbanizatu behar direla adierazi du, eta horregatik abstenitzea erabaki du.

EAJren esanetan, lurjabe guztiek egindako eskaerei “ezin zaie kasu egin”. “Dozena erdi promotorak eskatu izan dute haiek dituzten lurrak izendapenez aldatzeko”. “Irizpideak jartzeko orduan, Loiolabiden bi aldetara etxebizitzak egitea eta Corrugadosen aldaketa aztertu genuen. Hor ateratzen zen etxebizitza berrien kopurua gehiegizkoa zela ohartu ginen, eta guk erabili dugun irizpidea aurretik etxebizitzak egiteko izendatuta dauden lurretan eraikitzea izan da”, azaldu du alkateak. Lurraldekako Antolaketa Planak Azpeitia bezalako herri batean, 16 urtean 1.950 etxebizitza egitea zehazten du.

Lehen, 1.150 etxebizitza egitea onartu zuen EAJk, orain, ordea, iradokizunekin eta Lurzoru Legeak eskatzen dituenak betetzeko kopurua igo egin dute, 1.280 etxebizitzara. Alkatearen esanetan, “sozialagoa eta orekatuagoa” izango da, libreak eta babestutakoak erdi eta erdi izango direlako. “Gure ustez aldaketa hau hoberako da. Gure irizpideak iraunkortasunean oinarritutakoak izan dira”.

Beste alderdiei ere erantzun zien alkateak. EAk “gehiegizko etxebizitza kopurua” proposatzen duela dio. Habeakoen proposamenarekin, berriz, “etxebizitzaren arazoa ezin daitekeela konpondu” esan du.

Herriaren antolaketa

Herriaren antolaketan ere ez dira bat etorri Udal Gobernuan dauden EAJ eta EA. EAren ustez, Loiolabideko bi aldeak “batera izendatu eta garatu behar dira. Inolako diskriminaziorik egin gabe, baina Arauen irizpide hauek ez dute hori jasotzen”. EAren arabera ez da “ordenamendu ona” Azpeitiarentzako. EAJk ordea bestelakoa dio, “soziala, orekatua eta iraunkorra” da hauen ustez.