120 lagunetik gora Txistulari Alardean

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 28a, 12:07

Larunbateko (hilak 29) jaialdian txistulariak, abesbatzak eta dantzariak ariko dira (Urola Kostako Hitza)

Bihar, larunbatean, Azpeitiko II. Txistularien Alardea egingo dute, 22:30ean, plazan. Jaialdian Euskal Herriko txistulariez gainera abesbatzek, kantariek eta dantzariek parte hartuko dute; 120 lagunetik gora pasatuko dira agertoki gainetik.

Izarraitz Txistulari Taldeak aurten 25 urte betetzen dituela-eta martxoan hasi ziren jaialdia prestatzen. Entsegu orokorrak atzo, osteguna, eta gaur egingo dituzte Izarraitz pilotalekuan. "Orain arte talde bakoitzak bere kasa egin ditu entseguak, eta orain elkarrekin ariko gara jaialdirako prestatzen. Bihar, 19:00ak aldera soinua probatzeko azken entsegu bat ere egingo dugu", dio Izarraitz Txistulari Taldeko Eduardo Aranak.

Euskal Herriko txistularien taldeak gonbidatu dituzte Izarraitz Txistulari Taldekoek. "Talde bezala ez dira etorriko txistulariak, baina banaka-banaka herri askotako txistulariak etorriko dira: Donostia, Oiartzun, Errenteria, Legazpi, Tolosa...", dio Aranak.

Ordubete inguruko jaialdia izango da, eta "beti-betiko doinuak eta gaur egungoak" joko dituzte, moldatuta.