Asteburua festa usainean dator

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 22a, 14:07
Iaz, Umeen Eguneko erraldoien jaialdian parte hartu zuten erraldoietako batzuk.

Bihar(hilak 23), Umeen Egunean, Euskal Herriko erraldoien hamabost taldek parte hartuko dute kalejiran (Urola Kostako Hitza)

Santio eta San Inazio festen atarian, gaur (larunbata) Amnistia Eguna eta bihar, igandea, berriz, Umeen Egunak ospatuko dira. Era horretan, festetako giroa pizten hasiko da.

Umeen Egunaren baitan erraldoien jaialdia egingo da, azken urteetan ohi bezala. Aurten erraldoien hamabost talde etorriko dira, honako herrietatik: Azpeitia, Azkoitia, Zarautz, Bergara, Deba, Oiartzun, Bilbo, Hondarribia, Orduña, Amurrio, Legazpi, Irun, Elgoibar, Zangotza eta Ordizia. Guztira 58 erraldoi ibiliko dira. Talde bakoitzak bere musikariak izango ditu, kalejiran dabiltzan bitartean.

Ohi bezala, parrokiatik irtengo dute 11:30ean, baina aurten ibilbide berria egingo dute: Erdi kalea, Eliz kalea, Santiago kalea, plaza, Jose Artetxe kalea, Ildefonso Gurrutxaga kalea, Hartzubia hiribidea eta plaza.

Plazan talde bakoitzak dantza saioa egingo du, eta ondoren sari banaketa egingo dute. Aurten, arratsaldean kalejiran ibiliko dira. "Eguerdiko jaialdia berandu samar bukatzen dute erraldoiek, eta Bizkaia aldetik-eta etorritakoei motz gelditzen zaie. Beraz, talde batzuek egindako eskariari kasu eginez, aurten arratsaldez kalejiran ibiliko dira. Horrela, egun guztirako etorriko dira, eta arratsaldean ere kalea girotuta izango da", azaltzen du Mikel Ibartzabal Udaleko Festa batzordeburuak.