Kuartelean alokairu publikoko etxeak egitea proposatu dute

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 18a, 13:07
Habeakoek atzo, astelehena, kuartelaren aurrean aurkeztu zuten proiektua.

Udalaren lurrak izanik, "alokairuan emateko hogei etxebizitza egiteko aukera polita" dela diote Habeakoek (Urola Kostako Hitza)

Kuartel zaharrean alokairu publikoko etxebizitzak egiteko proposamena egin du Habeak, "esperientzia pilotu moduan, eta jakinik, beti bere, ez duela etxebizitzaren arazo orokorra konpontzen".

Udalak aste honetan botako du kuartela, eta han tasatutako etxebizitzak egin nahi ditu. "Horiek 25-30 milioi pezetaren bueltan ibiltzen dira", dio Habeak. Ezker Abertzalekoen ustez, kuartela leku aproposa da alokairu publikoko etxeak egiteko: "Udalaren lurrak dira. Leku urbanoan dago eta nekazal lurrik berkalifikatu beharrik ez dago". Gainera, alde zaharretik gertu egonda "gazteentzako erakargarria" izan daiteke eta hogei etxebizitza "esperientzia berri bat abiatzeko kopuru polita da".

Azpeitian alokairu publikoa ez dela ezagutzen diote Habeakoek, baina bai Euskal Herrian eta baita Europako beste hainbat herrialdetan ere "alokairu publikoko etxeak normaltasun osoz" erabiltzen dira. Horrelako eskaintza egiteko "eskakizun bakarrak, borondatea eta inbertsio publikoa dira", Habearen ustez.

Alokairu publikoko etxebizitzen proiektua nola finantzatu ere azaldu dute, "Azpeitia Lantzenek 4.400.000 euroko aurrekontua du aurten, eta Jaurlaritzatik ere diru laguntzak lortu daitezke". Alokairu publikoko etxebizitzen proposamena, Arau Ordezkatzaileen inguruan egindako proposamen orokorrarekin lotuta egin dute.

Habeak proposatutakoa

Habeak kuartel zaharrean alokairu publikoko etxebizitzak egitea proposatu du. Honako argudioetan oinarrituta egin du proposamena:

Zergatik. "Alokairu publikoa edozein herritarrentzako baliogarria da, beraz baliobide ekonomiko urria duten herritarrentzako eredu aproposa da".
Alokairu publikoa. "Lur eremu publikoetan garatzen den inbertsio publikoa da, eta momentu oro behar gehien duten herritarrek erabili ahalko dituzte. Udal batek ere eskaini ditzake era honetako etxebizitzak".
Alokairu publikoaren baldintzak.
- Eskaintza: "Etxebizitza librea edota babestutakoa eroasi ezin dutenei eskaini behar zaie, batik bat gazte, emakume eta adinekoei".
- Zenbateko alokairua: "Soldataren %30 ezingo du gainditu. Gutxi gorabehera 120-180 euro arteko alokairuaz ari gara".
- Alokairuaren epea: "Baldintza betetzen duenak eperik gabeko segurtasuna izango du etxea erabiltzeko, baina bere egoerak hobera egiten badu epe batera beste norbaiti utzi beharko dio lekua. Horrela interes publikoa bermatuko da momentu oro".
Proiektuaren kudeaketa. Proiektua kudeatzeko udaletxean mahai bat osatzea proposatu du Habeak.