Bakardadearen kapera berriztatzea bukatu dute

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 18a, 13:07
Parrokiko bakardadearen kaperaren inaugurazioan.

Asteazkenetik aurrera, zaharberritu duten kapera ikusteko aukera izango du nahi duenak (Urola Kostako Hitza)

Orain dela sei urte, eguneroko elizkizunak egiteko Parrokiko bakardadearen kapera berritu eta egokitzea erabaki zuten parrokiko arduradunek. Baina olio-margoaren azpian beste irudi batzuk zeudela ohartu ziren. Horrela, bakardadearen edota Nicolas Saez Elolaren kapera zaharberritzea erabaki zuten. Kapera, zaharberrituta, atzo, astelehena, inauguratu zuten, parrokiko, Azpeitiko Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek.

XVI. mendekoa da kapera, berpizkunde garaikoa. Adituen esanetan, "balio arkitektoniko eta artistiko handikoa" da. Zaharberritze lana aurrera eraman dutenek adierazi dutenez, "1555-1560 urteen artean egindakoa da. 1898an egindako berritze lanen azpian gelditu ziren kaperaren jatorrizko irudiak, eta orain berreskuratu egin ditugu".

Kapera zaharberritzeko lana 2003ko azaroan hasi zuten, eta iaz, urrian, bukatu zuten. Lan nekeza izan dela azaldu dute lanean jardun dutenek: "Multzoaren egoera txarra eta lanen konplexutasuna handia zen".

Bakardadearen kaperako lanak 560.250 euroko aurrekontua izan du, eta %100 Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du. "Hau ez da gastu bat izan, inbertsio bat izan da", zioen atzo, astelehena, Joxe Joan Gonzalez Txabarri Ahaldun Nagusiak.

Berehala hasiko dira eguneroko elizkizunak zaharberritutako kaperan egiten, halaxe zioen Kepa Susperregi Azpeitiko erretoreak: "Datorren astean-edo hasiko gara elizkizunekin".

Ordutegia

Soreasuko San Sebastian Parrokiko bakardadearen kapera ikusteko aukera honako egunetan egongo da.

Uztarilean
18tik 21era. 17:30etik 19:00etara.
29an. 12:30ean, parrokiko atean. Bisita gidatua. Prezioa: 2 euro.

Abuztuan
Astelehenetik ostiralera. 11:30etik 13:00etara eta 18:30etik 19:30era.
Bisita gidatuak. Hilaren 4an, 11n, 18an eta 25ean. 12:30ean parrokiko atean. Prezioa: 2 euro.