Urtebete egin du Azpeitiko Gaztetxeak

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 17a, 12:07
Gaztetxearen urteurrena ospatzeko bazkaria egin zuten larunbatean, Gaztetxean bertan.

Azpeitiko Gazte Asanbladak urteurrena ospatzeko antolatutako bazkarian ehun lagunetik gora bildu da (Urola Kostako Hitza)

Urtebete da Azpeitiko Gaztetxeak ateak zabaldu zituela. Gazte Asanbladakoek larunbatean (hilak 15) ospatu zuten urteurrena, Jada urtebete herriari bizia ematen lelopean. Urtemugan aldarrikapena eta festa uztartu nahi izan zituzten. "Atzo zela ematen badu ere, dagoeneko urtebete da Azpeitiko Gaztetxea inauguratu genuela. Urte honen inguruan egiten dugun balorazioa ona da, eta egin diren ekintzak ugariak izan direla uste dugu. Herriari bizi pixka bat ematen saiatu gara, batzuetan hobeto eta beste batzuetan uste baino okerrago, baina beti ahal dugun guztia eginez", diote.

Goizean Gaztetxeko ateak ireki zituzten, "jende helduak Gaztetxea barrutik ezagutu dezan", zioten Asanbladakoek. Horretarako argazki erakusketa eta urtebete honetan egin dituzten ekitaldien bideo emanaldia antolatu zuten. Baina eguerdi artean jende gutxi izan zen Gaztetxean.

Eguerdian, berriz, Gazte Asanbladakoek bazkaria prestatu zuten, 120 lagun ingururentzako. Bazkaltzeko ehun lagunetik gora elkartu ziren.