Manuel Unanue: "Etxebizitzan politika aktiboa egiteko aukerari ezetza esan dio Udalak"

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 17a, 12:07
Manuel Unanue Azpeitiko Udaleko EA-ko Zinegotzien bozeramailea.

EAJrekin batera dago EA Udal Gobernuan, eta legealdiko hiru urte hauetan bi alderdien artean "desadostasun gogorrak" egon direla dio Unanuek (Urola Kostako Hitza)

Manuel Unanue (Azpeitia, 1952) Azpeitiko Udaleko EAko zinegotzien bozeramailea da. EAJrekin koalizioan aurkeztu ziren, eta elkarrekin osatzen dute Udal Gobernua. Hiru urte hauetan bi alderdiak ez dira bat etorri Udaleko erabaki garrantzitsu askotan.

Hiru urte Udal Gobernuan EAJrekin batera. Zer-nolako balantzea egiten duzue?

Ona baino txarra gehiago izan da, desadostasun gogorrak egon dira. Nik uste dut, gauza batzuetan programatik irten egin dugula. Lana egin da, baina koalizioa ez da eman guk ulertzen genuen zentzuan. Hartu-emanean desadostasunak daudenean adostasunera heltzeko bide batzuk jarri behar dira, eta hori ez da eman. Hiru urte hauetan zilindroa pasatu digute gainetik. Desadostasuna mantentzen den bitartean eta bakoitzak berea egiten duenean hitz politak (elkarbizitza, elkartasuna) esatea erraza da. Nik horri bakarrizketa deitzen diot.

Proiektu garrantzitsuetan EAJkoen eta EAkoen artean eztabaida garrantzitsuak izan dituzue.

Hala da. Esaterako kirol guneko eztabaidan, Azpeitira 500 milioi pezetako inbertsioa etor zitekeen, eta ez da etorri. Kirol elkarteek eskaera egin zuten eta ez zaie aintzakotzat hartu. Badakit elkarteak EAJrekin bildu zirela, eta oraindik erantzunik ere ez dute jaso. Kirol gunearen kontuan guk programan jartzen zuena jarraitu genuen, eta ez da bete. Azpeitirako erabaki horiek ez dira batere onak izan. Zaharrentzako egoitzaren kontuan ere programan "egoitza bat" jartzen du eta guk horren alde egin dugu. Beraiek aldatu egin dute eta bi diote orain. EAJkoak hamar dira, eta gu bost, eta beraien erabakia hartu dute. Gauza txikietan ere berdin gertatu da. Programak, Santutxon eta Etxe Alain igogailuak egingo direla dio. Ez da kasualitatea orain Santutxorako ez egin eta Etxe Alairako egitea. Ados Etxe Alairako igogailua egin behar dela, baina programan jartzen du aurrena Santutxorako egingo dela, eta gero Etxe Alairako.

Horrelako desadostasunak izanik ere Udal Gobernuan jarraitu duzue. Zergatik?

Gu gustura gaude Udal Gobernuan, gure iritziak emateko aukera daukagu eta gure presentzia hor dago. Poza ematen duten gauzak ere badira: Perez Arregiko biztanleen eskariz bilera bat egin behar zela proposatu genuen guk, eta egin egin da, eta horrek poza ematen du.

Bi alderdion artean banatuta dauzkazue batzordeak. Hor ere ikusi al da desberdintasuna?

Bakoitzak bere batzordea daukanean gauza batzuk egitea nahi izaten dugu. Baina kontu batzuetan aldea ikusi dugu, bai. Esaterako, festetako batzordean ikusi dugu Erdi Aroko azoka antolatzeko babes handirik ez dugula izan. Kirol gunearen kasuan, guk kiroletako batzordea dugu eta kirol batzordean dabilen EAJko batek guk defenditzen genuen proiektua babesten zuen, baina gero alderdiko diziplinagatik ez zuen gure alde egin. Guk ematen ditugun batzordeetan askoz zuzenagoak izan gara EAJkoekin. Urola Ikastolari zilarrezko Q-a eman zitzaionean, gu ez ginen gonbidatuak izan udaletxeko ekitaldira. EAJkoak bakarrik zeuden ekitaldian. Ez dut uste hori zuzena denik. Euskarazko hitzarmena egin zenean, gu ez ginen gonbidatuak izan eta prentsaren bidez jakin genuen, eta gu ere euskara batzordekoak gara. Guk zabalago eta gardenago jokatu dugu. Gure ustez, ez koalizioak eta ez batzordeek ez dute horrela funtzionatu behar.

Orduan, hiru urte hauek espero ez bezalakoak izan dira?

Hobeak izatea nahi genuen, eta ez da hala izan.

Koalizioa hausteko tentaziorik izan al duzue noizbait?

Ez. Guk programa batekin irten genuen koalizioan, eta guk programa horri helduko diogu. Ez dugu alde egingo, Udal Gobernuan egonda abantailak ikusten ditugu. Botatzen bagaituzte, beraien ardura izango da.

Arau Ordezkatzaileetan ere adostasunik ez dago EAJren eta EAren artean?

Hor ere ez gatoz bat. EAJk Udalari bereak izango zituen 425 etxebizitza baino gehiago egiteko aukera ukatu dio. Udalak bereak izango ziren 425 etxebizitza egiteko aukera zuen: babesekoak, alokatzekoak, tasatutakoak... Udalak etxebizitza merkatua zaintzeko aukera zuen eta ez du hartu nahi izan. Hori hankasartze handia da eta sozialki beldurtzekoa. Udalak politika aktiboa egiteko aukera horri ezetza esan dio eta pribatuen esku utzi du. Azpeitian etxebizitzaren arazoa handia da, baina neurri handi batean urteetan eta bakoitzak bere ardurak dauzka hor, EA barne dela, plangintza baten falta egon delako da. Eta aurrera begira ere arrisku hori dago. Hor ere hitzak jan egin dira. Ez dago udalik Azpeitian EAJ egiten ari dena egiten ari denik. Eskaini dezakeen etxebizitza kopurua baino gutxiago eskaintzen ari da. Herri guztiek eskaintzen dute gehiago. Loiolabideko bi aldeetako eremuak batera garatu behar zirela esaten genuenean, ezetz esaten zuten EAJkoek, Esklabatakoa zailagoa zela eta, baina bietan irizpide berdinak ibiliko zirela esan zuten. Hilabete batean plangintza aldatu egin dute.

Gazteek Udala egin dute etxebizitzaren arazoaren erantzule. Zuek Udal Gobernuan zaudete. Zer diozue horri buruz?

Etxebizitza hutsekin politika bat egin behar da, ekimeneko ideiak martxan jarri behar dira etxebizitzak alokairuan ateratzeko. Baina, guk ez dugu okupazioan sinesten. Alokairuak rotatiboa izan behar du. Etxebizitzarena zirkulo bat da, eta hori bermatu behar da: bat gaztea denean apartamentu txiki batean sartuko da, gero familia osatzen badu etxe handiago baten aukera izango du, eta zahartutakoan beste etxebizitza txikiago batera pasatzeko aukera emango zaio. Hori horrela izateko, ordea, politika aktiboa egin behar da. Udal honek horren aukera eduki du eta atzera egin du. Euskararen kontuan ere, herri abertzale batean ezin dugu ados jarri, hori izugarria da. Herria nolakoa egin horretan ez gatoz bat. EAtik ikusten dugu sozialean gehiago inbertitu behar dela eta horretarako beldurrik ez dela eduki behar.

**Iñaki Larrañaga EAko zinegotziak kargua utzi egin zuen eta ez duzue haren lekua bete. Zergatik?**

Politikoki ez dugu bete. Iñaki Larrañaga zinegotzia zen, zinegotzi izatea tokatzen zitzaiolako. Iñakik kargua hartu zuenean, orduan izan zen eztabaidan bati horrela esan zion: "Ni zinegotzia naiz zuek gauzak gaizki egin dituzuelako, eta zuek gauzak ondo egin bazenituzten ni ez nintzen zinegotzia izango". Bakoitzak ikusi behar du gauzak nola egin dituen. Iñaki zinegotzi zegoela, pertsona jakin batzuk, Iñakiren familiarekin sartu ziren. Iñakik orduan pertsonalki erabakia hartu eta dimisioa aurkeztu zuen.

Habeak ez dauka erabakiak hartzeko ahalmenik Udalean.

Nik, Iñaki Larrañagak kargu hartzean esandako esaldiarekin bat egiten dut. Oso botu gutxigatik daude PSE-EE eta PP Udalean. Gauzak beste era batera egin izan balira, gauzak orain beste modu batera egongo lirateke.

Hurrengo hauteskundeetan ere EAJrekin koalizioan?

Hori alderdiak erabakiko du. Batzuek ezetz esaten dute, besteek baietz... Ikusiko dugu.