Uda, musikarekin gozatuz

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 13a, 12:07
Azpeitiko Musika Udalekuetan parte hartzen ari diren haurrak, atzo, astelehena, atseden orduan.

Chopin Studioak zuzendutako Musika Udalekuetan ehun haurretik gora dabiltza Zarautzen eta Azpeitian (Urola Kostako Hitza)

Ekainaren bukaeran eskolatik oporrak hartu eta bi hilabete luzeko oporraldia dute haurrek eta gazteek. Aisialdiko eta denbora libreko egun eta ordu horiek denak betetzeko, ordea, gero eta aukera zabalagoa dute. Batzuek, musikarekin gozatuz hamabostaldi bat pasatzeko aukera egin dute, Musika Udalekuetan parte hartuz.

Herri batzuetan Musika Udalekuak antolatzen urte batzuk daramatzate. Esaterako Zarautzen lau urtean antolatu dituzte. Urte horietan izandako esperientzia da aurtengo parte hartzearen emaitza; uztailaren 3tik 120 haur eta gazte dabiltza Orokieta herri eskolan, Musika Udalekuetan.

Azpeitian, berriz, esperientzia berria da. Aurten antolatu dituzte lehenengo aldiz Musika Udalekuak Juan Antxieta Musika Eskolan. 5-9 urte bitarteko hamabost haur dabiltza jokoen bidez dantzara eta musikara hurbiltzen. "Beste herri batzuetako esperientziaren berri izan genuen, eta geuk ere antolatu egin dugu. Oso esperientzia polita izaten ari da. Musika Udalekuetan lantzen ari garen musika denetarikoa da, gainera: katalana, japoniarra...", dio Mari Jose Bikendi Juan Antxieta Musika Eskolako zuzendariak.

Musika Udalekuetan ikasitako kantu eta dantzekin jaialdiak egingo dituzte ostiralean. Azpeitian, Betharramdarren aretoan egingo dute, 18:30ean. Jaialdiak nahi duten guztientzat izango da.

Bai Zarautzen eta bai Azpeitian, Chopin Studiok zuzentzen ditu udaleku hauek.

Xabier Lizaso: "Musikarako eta dantzarako zaletasuna piztu nahi dugu"

Xabier Lizaso (Orio, 1965) piano-jotzailea, musikari profesionala eta soinketan lizentziatua da. Chopin Studioak antolatutako Musika Udalekuen zuzendaria ere bada. Egunotan hainbat herritan abian dituzte Musika Udalekuak, tartean Azpeitian eta Zarautzen.

Noiz hasi zineten Musika Udalekuak antolatzen?

Orain dela lau urte hasi ginen. Orduan Zarautzen eta Donostian antolatu genituen. Orain dela lau urte, Zarautzen hemeretzi haur ibili ziren udalekuetan, eta aurten, berriz, 120 dabiltza. Azpeitian uda honetan antolatu ditugu aurrenengoz.

Zein helbururekin antolatzen dituzue Musika Udalekuak?

Haurrengan musikarako eta dantzarako zaletasuna piztu nahi dugu. Udalekuetako bi asteetan dena jolasen bidez lantzen dugu. Oporretan daude haurrak, eta modu atsegin batean musikara eta dantzara gerturatzen saiatzen gara. Gero, agian, musika eskolan izena emango dute edota helduak direnean era horretako ekitaldiez disfrutatzeko gai izango dira. Bestetik, Musika Udalekuekin bestelako aukera bat eskaintzen zaie.

Udalekuetan era desberdineko musikak lantzen dituzue, ezta?

Bai, bai. Musika klasikoan oinarrituta estilo desberdinetako musikak lantzen ditugu. Musika Udalekuak antolatzen hasi ginenean musika klasikoan oinarrituta antolatu genituen, baina pixkanaka zabaltzen joan gara. Jolasen bidez entzumena egiten saiatzen gara.

Musika Udalekuak zabalak direla diozue.

Bai, hala da. Musika Eskoletan ikasten dabiltzanentzat bakarrik ez dira. Irekiak eta zabalak dira eta horrek aberasgarriak egiten ditu.