Perez Arregi plazako bizilagunak kezkatuta, aparkalekuengatik

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 12a, 12:07
Perez Arregiko bizilagunak bileran.

Aste Santua bitartean Perez Arregi plazan urbanizazio lanak egingo dituzte

Lan hauek 700 mila euroko aurrekontua dute (Urola Kostako Hitza)

Perez Arregi plazako bizilagunek Udaleko ordezkariekin bilera izan dute, bertan egingo dituzten lanen berri izateko. Bizilagunekin egindako bigarren bilera izan da astelehenekoa (hilak 10). Aurreko bilera eguerdi batean izan zen, eta bizilagun bakarra azaldu zen. Bizilagunak kexatu egin ziren eta bigarren bilera bat antolatu zuten. Astelehenean, 15 bizilagun inguru elkartu ziren udal ordezkariekin egindako bileran.

Altuna y Uria enpresak egingo ditu Perez Arregiko urbanizazio lanak, eta abuztuaren bukaera aldean edo irailaren hasieran hasiko dira.

Plaza guztian galtzada-harria jarriko dute, eta baita hainbat eserleku eta zuhaitz ere. Perez Arregiko lanak egin ostean, Madalena ingurua ere txukuntzeko asmoa dutela azaldu dute. Lan horiek amaitzean, aparkalekuak non jarriko dituzten erabakiko dutela nabarmendu dute.

Lan hauek egitea 700 mila euro kostatuko dela azaldu dute, eta bost edo sei hilabete inguruko iraupena izango dute. Aste Santurako lan guztiak amaituta izatea gustatuko litzaiekela nabarmendu dute udal ordezkariek.

Bizilagunen kezka nagusia, autoentzako aparkalekuak eta trafikoa dira. Lanak egiten dituztenean, Perez Arregiko aparkaleku guztiak kenduko dituzte, eta Soreasun hainbat aparkaleku egitea aurreikusten badute ere, bizilagunek horren inguruan kezka nabarmena azaldu dute. Agian, pibote batzuk edo jarriko dituztela azaldu dute, eta bizilagunei giltza ematea aukera posible bat izango litzatekeela diote. Hala ere, irailaren hasieratik Aste Santura arte, gutxienez, Perez Arregi plazan aparkalekurik ez da izango.

Lurra, ahal duten berdinduena utziko dutela nabarmendu dute, Enparan kalean gainbehera handia baitago.

Aurrera begira, berriz, Alde Zaharreko gainontzeko kaleetan galtzada-harria jarri nahi dute, baina oraindik ezer finkatu gabe dutela nabarmendu dute udal ordezkariek.