Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntza ekimena berriro abian

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 8a, 12:07
Emakumeei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu Iraurgi Lantzenek.

Irailetik aurrera Azkoitiko eta Azpeitiko emakumeei zuzendutako lau mintegi antolatuko ditu Iraurgi Lantzenek (Urola Kostako Hitza)

Iraurgi Lantzenek Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntza (BOZI) proiektuaren baitan, prestakuntza ekintza berriak antolatu ditu uda ondorengorako. Aurrekoetan bezalaxe, ahalmenetan trebatu nahi duten Azkoitiko eta Azpeitiko emakumeei zuzendutakoa izango da ekimena.

Mintegiak 30 ordu ingurukoak izango dira, astean bi egunetan banatuko diren saioetan. Urrian hasi eta abendua bitartean luzatuko dira ikastaroak. BOZI ekimen berrian parte hartzeko izena emateko epea uztailaren 10etik irailaren 15era bitartean egongo da zabalik, Iraurgi Lantzeneko bulegoetan.

Formazio eskaintza

Pertsonen abilezia eta ahalmenen hobekuntzan laguntzeko asmoz, aukerako formazio eskaintza egin du Iraurgi Lantzenek beste behin.

Eskaintza formatiboak sarrera ikastaro bat izango du. Adimen emozionalaren inguruko topaketez gain, bizi osoan zeharreko ikaskuntzari buruzko orientazioa ere jasoko dute parte-hartzaileek. Ondoren, sakontzeko hiru prestakuntza ekintza izango dituzte aukeran. Batetik, Komunikazio gaitasuna hobetuz izeneko mintegia. Ordainduriko lana izatea: guztion eskubidea delakoa ere antolatuko dute. Eta azkenik, Partaidetza-asoziazionismoa landuz ikastaroa egingo dute.

Gainera, antolatzaileek zaintza zerbitzua eskainiko dute, "bizitza familiarra eta profesionala adiskidetu ahal izateko".