Etxebizitza eskubidea bermatzeko, alokairu soziala!

IƱaki Errazkin (Habea Azpeitiko bilgune ezkertiar abertzaleko zinegotzia) 2006ko uzt. 8a, 17:07

Etxebizitza politika berria bultzatu behar da, Udaletik bertatik hasita

Ertzaintza erabilita gazteak etxetik kanporatzeak ez du arazoa konpondu eta ez du konponduko

Karasusaneko etxeen okupazioa, etxebizitza eskubidearen egoera larriaren ondorioa da. Etxebizitza bat erabiltzeko dugun eskubidea bermatu gabe izanik, herriko hainbat gaztek etxebizitza bat okupatzea erabaki zuten, eta egun batzuk pasatuta, desalojatu egin dituzte. Eskubideari biderik eta aukerarik ematen ez zaion momentutik okupazioa zilegi da, eta beraz, elkartasunik beroena adierazi nahi diegu gazte horiei.

Historiak erakutsi digu, eskubideak borrokaren bidez lortu izan direla, beti. Eta hau ez da bestelako kasu bat izango. Historia hurbilari begiratuta, badago horren adibide bat: hainbat gazteren borrokak soldaduska behartuaren desagerketa ekarri zuen, intsumisioa eginez. Orain, eta berriro ere gazteek erakutsitako adoreari esker, arazo honen konponbiderako bideak irekitzea lortuko dugu.

Izan ere, etxebizitzaren problematika konpontzeko logika bati jarraitu behar zaio. Merkatu eta negozioaren logikatik eskubidearen logikara pasatu behar gara. Horrek esan nahi du batzuentzako izugarrizko negozioa izan dena besteentzako miserian bihurtu dela, eta hori aldatu beharra dagoela. Aldaketa hori egiten udaletxetik bertatik hasi beharra dago, Udalak ere logika honetatik finantzaketa izaten baitu. Gainera, orain arte beti hainbat promotora, lur jabe, higiezin, banketxe eta abarren mesederako erabili da lur eta etxebizitza politika. Eta herritarren beharrak non geratu dira?

Gure ustez, etxebizitza politika berri bat abiatu behar da, udaletxetik bertatik hasita. Alokairu publikoa sustatzea ezinbestekoa da, eta, gainera. etxe hutsen inguruko zuzeneko presioa ere beharrezkoa da. Baina, guzti horretarako, premiazkoa da herritarren beharren inguruko azterketa serio bat egitea. Horrela, behar eta tipologia desberdinei erantzun anitz eta ausartak emateko. Beti ere eskubidearen logika oinarri hartuta eta herritarren partehartzea bultzatuz.

Bitartean ostrukarena egiteak ez du balio. Egin duten bezala, Ertzaintza erabilita gazteak etxetik kanporatzeak ez du balio. Horrek ez du arazoa konpondu eta ez du konponduko.

Hasi gaitezen, beraz, gazteekin eta beharra dutenekin elkarlanean irtenbideak topatzen. Horretan saiatuko da Habea behintzat.

Animo beraz gazteoi. Etxebizitza eskubidea guztiontzat!