Elkarrengandik ikasteko, elkarrekin

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 6a, 12:07
Koldo Saratxaga, atzo, Ezagutza gunearen kudeaketako topaketan.

Enpresaren antolaketaz aritu dira Ezagutza Gunearen laugarren topaketan (Urola Kostako Hitza)

Elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko foroa edota topagunea da Ezagutza Gunea". Gaur egun Azkoitiko eta Azpeitiko tamaina handiko 11 enpresek (Corrugados Gallardo, Azcue, Biele, Danona, Domusa, GSB, Ibarmia, Juaristi, Lan Mobel, Grumal eta Sarralle), udalek, ikastetxeek (Iraurgi Ikastetxea eta Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI) eta Enbor Elkarteak parte hartzen dute bertan. "Ezagutza Gunearen helburua bakoitzak dakien hori, ezagutzen duen hori, besteekin konpartitzea eta sare bat osatzen joatea da. Horretarako kooperazio proiektuak jartzen ditugu martxan", dio Miren Larrea Ezagutza Gunearen koordinatzaile teknikoak.

Ezagutza Gunearen baitan, hainbat lan talde edota elkargune daude sortuta. "Pisu gehien, enpresetako giza baliabideetako arduradunek ematen dute Ezagutza Gunearen barruan; hauek urtean hiru topaketa egiten dituzte", dio Larreak. Hala ere, urte guztian lan egiten duen elkargunea da Ezagutza Gunea.

Orain arte tamaina handiko enpresek parte hartu dute Ezagutza Gunean, baina udazkenetik aurrera enpresa ertainekin eta txikiekin elkarlanean hasteko asmotan dira. "10-50 langile arteko enpresak Ezagutza Gunera egokitzeko proiektu bat lantzen ari gara. Dagoeneko 50 enpresekin jarri gara harremanetan. Une honetan azken diagnostikoa egiten ari gara".

Atzo, asteazkena, Ezagutza Gunearen kudeaketako laugarren topaketa egin zuten Enparan Dorretxean. "Enpresetako kudeatzaileek parte hartu dute Topaketa honetan, eta Ezagutza Gunean sartuta dauden enpresetakoez gainera, beste batzuk ere etorri dira", dio Larreak.

Ekitaldia, Koldo Saratxaga Irizar Kooperatiba Elkarteko zuzendari orokor ohiak gidatuta izan da. Besteak beste, Urola Erdiko enpresen egoeraz eta dituzten kezken inguruan eztabaidatu dute. "Urola Erdiko enpresetakoen kezka, gaur egun globalizazioak eta Txina bezalako herrialdeek duten eragina da. Koldo Saratxagak azaldu duenaren harira, eragin horri aurre egiteko produktuak aldatu egin dira, baina enpresa barruko antolaketa ez da aldatu", dio Larreak.

Antolaketaren aldaketa

Saratxagaren esanetan, enpresa barruko antolaketa modua aldatu beharra dago, globalizazioaren eraginari aurre egiteko. "Haren esanetan, enpresa hierarkiko batetik, pertsonetan oinarritutako enpresara aldatu behar da: talde lanean oinarritutako antolaketa eta pertsonak askeagoak izango direnera pasatu behar da. Era horretan, pertsona horiek sormena landu eta askatuko dutelako, eta ardura gehiago hartuko dituztelako", kontatzen du Larreak. Eskualdean antolaketa aldatzeko jauzi hori eman duten enpresak badirela ere esan dute kudeatzaileen topaketan.

"Ezagutza Guneak enpresen artean eztabaidatzeko eta dituzten kezkak eta ezagutzak lantzeko giro hori sortu nahi du". Gaur egun Iraurgi Lantzenen babesean funtzionatzen du Ezagutza Guneak, eta bertan Azkoitiko eta Azpeitiko enpresek eta erakundeek parte hartzen dute. "Ezagutza Gunearen filosofia irekia da, eta helburua Urola Erdia osatzen duten udalerrietako enpresek eta erakundeek bertan parte hartzea da, eta elkarrekin lan egitea, elkarrekin ikasiz".