Animalien alde bilduta

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 5a, 11:07
Animalien Aldeko Azpeitiko Elkarteko kideak, astelehenean, Sindikatu Zaharrean.

Animalien Aldeko Azpeitiko Elkartea osatu dute hainbat herritarrek, eta astelehenean (hilak 3) aurkeztu zuten Sindikatu Zaharrean (Urola Kostako Hitza)

Hiru hilabete inguru dira animalien eskubideen alde zerbait egin behar zela uste eta zenbait herritar biltzen hasi zela Azpeitian. Dagoeneko hiru bilera egin dituzte, eta azkenean elkartea sortzea eta legeztatzea erabaki dute. Astelehenean (hilak 3) aurkeztu zuten Animalien Aldeko Azpeitiko Elkartea, Sindikatu Zaharrean.

"Dagoeneko hiru aldiz bildu gara. Aurreneko batzarrean Bilboko Animalien Elkarteko ordezkari batek hitzaldia eman zuen. Gero, batzordea sortzea erabaki genuen, eta orain elkartea bera eta kideak aurkeztera gatoz", esan zuen Amaia Garmendia Animalien Aldeko Azpeitiko Elkarteko lehendakariak. "Legez elkarte moduan egonez gero animalien eskubideen alde egiteko indar gehiago izango dugu", gaineratu zuen Garmendiak.

Hemendik aurrera herrian animalien aurkako "zerbait" gertatzen dela ikusiz gero elkartekoei jakinarazteko eskatu diete herritarrei.

Lehen salaketa, astelehenean bertan egin zuen elkarteko kide batek: Enparan kalearen ibai aldeko pasealekuan "katuak desagerrarazi" dituztela adierazi zuen. "Nora eraman dituzte pasealeku horretako katuak? Non daude? Hori azaldu beharra daukate katuak hortik eramateko agindu dutenek", zioen.

Animalien Aldeko Elkarteak lehen deialdiak egin ditu. "Urtero, San Inazio Egunean, zezenketen aurka egiten den manifestaziorako deia egiten dugu. Manifestazioa 17:30ean aterako da Etxe Zuri tabernaren aurretik. Bestalde, herriko festetan informazio mahaia ere jarriko dugu".

Animalien Aldeko Azpeitiko Elkartea irailera arte ez da berriro bilduko. "Irailean egingo dugu hurrengo bilera", esan dute elkarte berriko kideek.