Etxebizitza eskubidea aldarrikatu du Segik

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 27a, 11:06

Udalak politika aldatu ezean, "alternatiba bakarra okupatzea" dela esan dute (Urola Kostako Hitza)

"Azpeitiko Udalak gazteen etxebizitza eskubidea ez du bermatzen", salatu du Segik. "Udaleko agintariek euren interes ekonomikoen eta pertsonalen araberako politika ezartzen ari dira. EAJren eta EAren etxebizitza politikak gazteon beharrei muzin egin die, eta etengabeko diru iturria sortu dute gutxi batzuentzat". Segiren ustez, Udalaren etxebizitza politikak gazteengan "ondorio larriak" eragiten ditu: "Bizitza guztia hipotekatzera behartu nahi gaituzte, gure askatasuna murriztuz".

Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko, azken asteotan hainbat ekintza egin dutelaazaldu dute Segikoek: "Negozioa egiteko egoera honetaz baliatzen diren enpresa pribatuak (inmobiliariak, bankuak, promotorak...) prezintatu eta margotu ditugu, zimaurra bota, eta paperez josi ditugu. Etxebizitza oinarrizko eskubidea delako, zerbitzu horiek publikoak izan behar dute". Segiren ustez, Udalak etxe hutsen inguruko "azterketa sakona" egin, eta alokairu sozialaren aldeko politika bideratu beharko luke. Bestetik, "Udalak politika aldatzen ez badu, etxebizitzak okupatzea beste alternatibarik ez zaigu gelditzen. Okupazioa, alternatiba bakarra izateaz gain, egoera aldatzeko borroka tresna eraginkorra dela deritzogu".