Julian Eizmendi: "Berriro alkatetzara aurkeztuko naizen galdetu dit alderdiak, eta baiezkoa esan dut"

Urola Kostako Hitza | Politika
2006ko eka. 26a, 11:06

Julian Eizmendik (EAJ) dio alkatetzan daramatzan hiru urteetan "lan asko egin eta herrirako eredu bat zehaztu" dutela Urola Kostako Hitzak argitaratutako elkarrizketan

Julian Eizmendi, Azpeitiko alkatea.  Argazki originala

Hiru urte bete ditu Julian Eizmendik (Azpeitia, 1958) Azpeitiko alkatetzan. Hurrengo urteko maiatzean izango dira udal hauteskundeak, eta EAJk, bere alderdiak, dagoeneko galdetu dio berriro aurkezteko prest legokeen. Baiezkoa eman du.

Hiru urte egin dituzu alkatetzan. Orokorrean nolako balantzea egingo zenuke?

Lan asko egin dugu 3 urte hauetan, eta uste dut herriko proiektua edo eredua zehaztu dugula; gauzak egiten ari gara. Bidea zehaztuta daukagu, eta proiektuak gauzatzen ari gara.

Arau Ordezkatzaileak onartzeko bidean zaudete.

Helburu garrantzitsua zen Arau Ordezkatzaileak burutzea, eta Udalari dagokion izapidetzari dagokionez, espero dugu aurtengo urri alderako bukatuta egotea. Gero, Foru Aldundira pasatuko dira, eta sei hilabete dauzka behin betiko onarpena emateko. Arau horietan islatzen da hein handi batean gure eredua.

Zein da aipatzen duzun eredu hori?

Guk proposatutako eredua iraunkorra da. Etxebizitza arloan, aurretik kalifikatutako lurretan eraikiko da. Ez da, oraingoz, lur berririk kalifikatuko. Biziberritzeko ere ahalegin handia egingo dugu: biziberritu beharreko guneak ditugu (Agirre, Soreasu-Madalena...), eta leku horietan ahalegin berezia egingo da. Hiru ardatz dauzka iraunkorra izate horrek. Batetik, etxebizitza kopuru aldetik, arrazoizko kopuru batekin ari gara. Bigarrenik, libre eta babestutakoen arteko erlazioa orekatua izango da. Gutxi gorabehera,%42,5 babestuak izango dira, eta horietatik gehienak babes ofizialeko etxebizitzak izango dira, 120.000 euro ingurukoak. Iraunkortasunak, soziala bere baitan darama. Desoreka soziala bultzatzen duena ez da iraunkorra, iraunkortasunaren barruan dagoelako oreka. Eta hirugarrenik, etorkizunerako dauden proiektuekin ere bat etorri behar du. Besteak beste, Corrugadoseko labea lekuz aldatzeko aukerarekin koherentea izan behar duen eredua da.

Arau Ordezkatzaileetan garrantzia ematen diozue etxebizitza kopuruari. Hori baino gehiago ez al dira Arau Ordezkatzaileak?

Bai, hala da. Baina eztabaida handiena arlo horretan dago, etxebizitzan. Arau Ordezkatzaileak azpiegiturak ere badira: Azpeitia hegoaldetik Urrestilla-Nuarbe-Matxinbentatik N-1era, Ezkio-Itsasora lotu nahi dugu. AHTren geltoki garrantzitsu batekin lotzeko balioko du. Goierrirako lotura hori garrantzitsua da. Azkoitia-Azpeitia saihesbidearen aurreneko fasea (Zabaletxe-Zapatari), gure legealdian hastea espero dugu, eta fase horretan lanean ari gara Landetan; Amueko biribilgunea, Gaztekoa eginda daude, eta Zapatarikoa aurten egitea espero dugu. Hori lotuta dago Azpeitia-Azkoitia saihesbidearekin. Bestalde, gu herri barruko bidegorrien plana gauzatzen ari gara, eta Foru Aldundiak Azkoitia-Azpeitia arteko bidegorria egingo du. Bestetik, eta lur industrialen kasuan, Larre eta Larrin bultzatzen ari gara.

Eta beste arlo batzuetan, kulturan, turismoan... zer?

Beste arlo batzuetan ere bidea zehaztuta daukagu: alde zaharra biziberritzeko lanean ari gara, eta alderdi politiko denak bat gatoz ahalegin horretan. Alde zaharrean inbertsiorik egin gabe ezin zen beste legealdi bat pasatu, eta berrurbanizatzen ari gara. Hor dugu gune sozio-kulturala, azpiko aparkalekuen proiektuarekin. San Agustingo lanekin hastea nahi dugu; aurten hasiko direla esan nuen, eta oraindik horri heltzen diot. Gero, Basazabali aterabidea emateko proiektua Eusko Jaurlaritzarekin lantzen ari gara.

Turismo arloa ere asko landu dugu. Azpeitia, batik bat, industria herria da, baina turismoak gero eta indar handiagoa hartu behar du. Gipuzkoak daukan gune monumental garrantzitsuena dauka Azpeitiak: Loiola. Erronka hori bi zentzutan aprobetxatu behar dugu: Azpeitiak badu zer erakutsia, aberatsa delako. Historian ere garrantzia izan du, eta hemendik 4 urtera 700 urte beteko ditu. Beraz, Loiolara datozenak herrira erakarri behar ditugu. Bestetik, San Inazioaren aurtengo urteurren hau aprobetxatuko da leihoa izateko eta inguruko bailaretako sinergiak lotzeko. Dagoeneko, Urola Garaiarekin eta Deba Goienarekin elkarlanean ari gara.

Hainbat udal agindu ere onartu duzue.

Bai hala da; hor dago euskararen ordenantza, zaratarena, animalien ingurukoa, hondakinena... Hemen denok bizi behar dugu, eta elkarbizitzeko errespetua behar dugu. Aniztasuna eta ezberdintasunak onak dira, baina elkarbizitzeko garrantzitsuak dira errespetua, erantzukizuna eta elkartasuna. Ordenantza batzuen atzean irizpide hori dago, eta bizi kalitatearekin zerikusi zuzena du. Elkarbizitzarena programan jarri genuen irizpidea da, eta aurrera eramaten saiatzen ari gara.

Gero, herrian plataforma bat legez kanpo dugu, eta horrek boto batzuk dauzka. Boto horiek ordezkatzen dituztenek, nolabait, Udaleko bizitzan, Udaleko proiektuetan ateak zabalik eduki dituzte beren iritziak azaltzeko. Uste dut horretan ahalegina egin dugula. Batzordeetan eta udalbatzarrean parte hartzeko aukera daukate, eta lokalak eta baliabideak badituzte beren lana egiteko.

Habeari edota ezker abertzaleari datorren urteko udal hauteskundeetan aurkezteko aukera emango al diote?

Nik eskenatoki hori ikusten dut, ez dut zalantzarik, eta hala bedi. Gu lege horren aurka egon gara beti.

Arau Ordezkatzaileetara itzuliz, prozesua pixka bat luzea joan da. Zergatik?

Aurrekoak uste dut 10 edo 12 urte iraun zuela. Gu udaletxean sartu aurretik aurreneko pausoa emanda zegoen. Gure ereduak nolabaiteko buelta eman dio, eta hori prozesu baten ondorio izan da. Prozesuan hausnarketak egon dira, eta erabaki garrantzitsu batzuk eman dira: kiroldegiarena, adinekoen egoitzarena... Corrugadosen leku aldatzeko aukera ere aurreratzen joan da. Irizpide batzuekin irten genuen, prozesu bat egon da, eta azkenean, eredua zehaztera iritsi gara. Diferentziak egon dira talde politikoen artean, baina heldutasun prozesu baten ondorioz, unea heldu da eredua erabakitzeko.

Udal Gobernuan EAJ eta EA zaudete. Baina proiektu handietan ez zatozte bat. Horrela Udal Gobernu bat aurrera eraman daiteke?

Bai, hori horrela izan da. Ezberdintasun garrantzitsuak egon dira kontu garrantzitsuetan. Baina aurrera jo behar da, erabakiak hartu egin behar dira. Gure eredua hor dago, eta gu konbentzituta gaude.

Alkatetzara aurkeztu zinenean "talante irekia" edukitzea gustatuko litzaizukeela esan zenuen, "elkarrizketaren aldekoa". Batzuek esan dute mozioak ez dituzula tratatu nahi izan udalbatzarrean, eta batzordeetara pasatzea erabaki duzula. Hor ez al dago kontraesanik?

Politikan elkarbizitzak helburu garrantzitsua izan behar du. Gero, noski, batzuek ulertzen dute ezetza esaten zaienean, bat itxia dela. Eta noiz da irekia? Denei baietza esandakoan? Udalbatzan guk eskumen batzuk ditugu, eta ahalmena dugu erabakitzeko. Sistema bat badaukagu gauzak kudeatzeko, eta iruditzen bazaigu Udalbatzatik kanpoko gaiak direla, beste foro batzuetan eztabaidatu beharko dira, Udaleko batzordeetan edota Udaletik kanpoko foroetan.

Talde lanean lan egiteko asmoa zenuela ere esan zenuen. Asmo hori bete al da?

Bai, batzordeburuenganako delegazio printzipioak hein batean funtzionatzen duela uste dut. Noski, kontu garrantzitsuetan nirekin kontsultatzen da. Uste dut batzordeburuek badaukatela dagokien protagonismoa. Irizpide hori neurri handi batean bete egin delakoan nago.

Urtebete falta da legealdi hau bukatzeko. Epe honetako betebehar nagusiak zeintzuk direla uste duzu?

Aurretik aipatutako egitasmoak. Hau da, Arau Ordezkatzaileak onartu, eta etxebizitzak egiten hasi behar dugu, batik bat, babes ofizialekoak. Babestutako 250 etxebizitza inguru aurten hasi nahi ditugu eraikitzen: Etxebeltz-Izarrakoak, kuartelekoak, Agirrenekoak, Nuarbekoak...

Espero al zenuen bezalakoa al da alkatea izatea?

Orain dela 4 urte proposatu zidaten ardura hau hartuko al nuen, eta baietza eman nuen. Bi gauza nabarmenduko nituzke: batetik, botoen bidez taldeak lortu zuen konfiantza eta erantzukizun handi horri behar bezala erantzutearen ardura. Hori beti presente daukagu. Bestetik, beti garbi izan behar du taldeak, botoa eman digutenei eta gainontzekoei ere erantzun behar diegula. Gu ahalegin guztiak egiten ari gara, gure esku dagoen guztia ematen ari gara.

Berriro aurkezteko asmorik bai? "Logikoena" 8 urte egitea zirela esan zenuen orain dela 3 urte.

Esandakoari eutsi egiten diot. Alderdiak galdetu dit zer asmo dudan, eta nik orain 3 urte esan nuena esan diot: baiezkoa. Gure eredua hor daukagu, urrats nagusiak erabakita daude, eta hori gauzatzeko 4 urte gutxi dira. Nik uste dut, oro har, salbuespen batzuekin, 8 urte behar direla proiektu batzuk koherentzi batekin gauzatzeko. Hala, alkatetzara berriro aurkezteko prest nagoela esan diot alderdiari. Gero, alderdi barruan bere prozesua egongo da, baina ni alkatetzarako hautagai izango naiz alderdi barruan.

Udalbiltza/Udalbideko lehendakaria ere bazara. Zer moduz?

Ondo. Lan ona egiten ari garela uste dut. Batik bat, Iparraldean eta Nafarroan euskara eta kultura arloan egitasmoak gauzatzen ari gara. Gure urratsei jarraituz, norabide garbia daukagula uste dut, eta ondo.

Bi udalbiltzek bat egingo al dute berriro?

Udalbiltza orain dela 7 urte sortu zen. Udalbiltzak, udal hautetsien biltzar bezala, bat izatean dauka zentzua. Tartean behin geure artean kontaktuak izaten ditugu, eta helburua eta logika, bat izatea da. Uste dut urte hau aprobetxatu egin behar dugula hitz egiteko eta bateratze bide horretan. Dena den, ia 8 urte pasatu dira, bakoitzak bere bidea jorratuz.

Orain, su-eten iraunkorrean gaude, eta normalizazio politikorako prozesuan emango den aterabideak Udalbiltza-Udalbidek bete beharreko funtzioan eragina izango duela uste dut.

Bidali:  

Erantzunak

Beste galdera batzuk | 2006-06-26 : 19:06

- Azkoitian posible izan da ezker abertzaleko plataforma legez udalean egotea. Zergatik ez azpeitian?
- "Ilegalak" diren taldeen kartel eta pankartak kentzeko agindua dute udaleko langileek...

Gehiago egin nitzake baina beno... uste dut Hitza-k elkarrizketa nahikoa eskura jarri diola, besterik gabe.

Beste galdera batzuk | 2006-06-26 : 19:06

- Azkoitian posible izan da ezker abertzaleko plataforma legez udalean egotea. Zergatik ez azpeitian?
- "Ilegalak" diren taldeen kartel eta pankartak kentzeko agindua dute udaleko langileek...

Gehiago egin nitzake baina beno... uste dut Hitza-k elkarrizketa nahikoa eskura jarri diola, besterik gabe.

Galderak eskura | 2006-06-27 : 09:06

Nire ustez ere, Hitza-k alkateari galderak errazegi utzi dizkio, egia esan nire zalantza daukat eta galdera luzatu nahi nuke. Galderak hitzak egin ditu edota, alkateak ze galdera erantzun nahi zituen esan du eta horren arabera egin dizkiote galderak? Propaganda elektorala egiten hasi dira batzuk eta horretarako beraiek diruz laguntzen ez duten euskal komunikabideak erabiltzen dituzte, bejondeietela hauek bai direla artistak! Kontrolatzen ez dutena ere kontrolatu egiten dute.
Eta alkateari kontu bat besterik ez, hamaika galdera egingo nizkiokeen arren, esaten du Nafarroan eta iparraldean euskara eta kulturarekin egitasmoak gauzatzen ari direla, nork sinetsi behar du hori? Azpeitia herri euskalduna izanik ez duzuenean egitasmorik burutzen eta lan egin nahi dutenei trabak eta zailtasunak besterik ez dizkiozuenean jartzen?
Nik gogoeta bat, agintariak ez dira aldatuko ez baditugu aldatu arazten, beraz aldaketaren alde lanean.

Enekoitz Esnaola | 2006-06-27 : 15:06

Kritika daiteke 'Urola Kostako Hitza'-k Julian Eizmendi alkateari egin dion elkarrizketa mota (edo goraipatu), baina ezin dena esan hau da: "Galderak Hitzak egin ditu edota, alkateak ze galdera erantzun nahi zituen esan du eta horren arabera egin dizkiote galderak? Propaganda elektorala egiten hasi dira batzuk eta horretarako beraiek diruz laguntzen ez duten euskal komunikabideak erabiltzen dituzte, bejondeietela hauek bai direla artistak! Kontrolatzen ez dutena ere kontrolatu egiten dute". 'Hitza' independentea da (bere oinarrietako bat da), hala izan da eta hala izaten segituko du.

lina | 2006-06-27 : 23:06

Ez du Julianek aitatzen Esklabatako Zahar Egoitza berak bere legisladuran abiadan jarriko zuela(Zer gertatu da) Ez ahastu herriak gerora begira ber haundiak ditugulako Hegin lan gogor

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu