Anbulatorioan hizkuntz eskubidea bermatzeko aldarria

Urola Kostako Hitza eta Uztarria 2006ko eka. 24a, 13:06
Manifestazioko burua, plazatik abiatzen.

Ia berrehun lagun bildu ziren EHEk deitutako manifestazioan

"Azpeitiko anbulatorioan ematen den hizkuntz eskubideen zapalketa" adibide bat besterik ez dela dio EHEk

Anbulatorioan euskaraz orain! Ofizialtasuna Euskal Herri osoan orain! lelopean egin zen Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) deitutako manifestazioa, atzo. Ia berrehun lagun inguruk parte hartu zuten. Manifestazioaren buruan, Mikelats AEK Euskaltegiko irakasle bat, Gaztetxeko kide bat, Uztarria Kultur Koordinakundeko lehendakaria eta Azpeitiko EHEko kide bat joan ziren. Herriko hogei talderen atxikimendua ere lortu zuten.

"Azpeitiko anbulatorioko egoera aztertu dugu, baina anbulatorioko egoera hizkuntza eskubideen zapalketaren adibide bat besterik ez da. Beste hainbat esparrutan ere euskaraz egiteko eskubidea urratuta dago, esaterako epaitegian. Hizkuntz politika berri baten beharra dago", zioen atzo IƱaki Martinez EHEko kideak.

Ikuspuntuak

Maite Azpiazu (AEK-ko irakaslea)

"Nik uste dut Azpeitiko anbulatorioko hizkuntza eskubidearen zapalketa salatu beharra dagoela. Nik gogoan dut umea nintzela medikuarengana joan eta berak esaten zuen ezer ez nuela ulertzen, eta hori gogorra egiten zitzaidan. Azpeitia herri euskalduna da eta euskaraz egiteko eskubidea bermatu beharra dago".

Ion Aranburu (Uztarriako kidea)

"Nik uste dut, salatu beharra dagoela euskarari dagokionez Azpeitiko anbulatorioan gertatzen ari dena: euskara zapalduta dago. Gaur (atzo) irakurri nuen egunkarian, Osakidetzan %20ari bakarrik eskatzen zaiola euskaraz jakitea. Hori lotsagarria iruditzen zait, adineko asko baitago gazteleraz ez dakiena, eta haiek nola azaldu medikuari zer duten eta non duten mina. Ez dago eskubiderik".